Atal honetan aurkituko dituzunak, Irutxulo aldizkarian ”Donostiar haien garaia...” izenaz Gotzon Egiak eginiko artikuluak dira, 90 bat aletan eta bi urte luzez (1995eko otsailaren 24an hasi eta 1997ko martxoaren 18an amaitu) kaleratutakoak.
Denetarik aurkituko duzu orriotan: arrantzaleak, kirolariak, sendagileak, abokatuak, bertsolariak, margolariak, zezenketariak, harakinak, antzerkilariak, iturginak, irakasleak, itzainak, bizarginak, inprentariak, musikariak, enpresarioak, apaizak, idazle asko, eta emakume gutxi: 10 besterik ez.
Lanik zailena, alderik gabe gainera, emakumeen berri bilatzea izan zen: dirudienez, emakumeek ez dute biografia publikorik, ez eta aurpegirik. Adibidez, Elbira Zipitria batek, edo Maritxu Barriola batek, edo Katalin Eleizegi batek, edo ez dute aipamenik gure entziklopedietan, edo aipamenen ondoan ez dute argazkirik merezi. Hamar emakume horietatik zortzitan, behintzat, argazkia familiartekoren batek emanda argitaratu genuen. Zorrotza da historia emakumeekiko, bizitza den bezainbatean: ez ditu aise onartzen izen propioaz.
Bi urte luzetan, Bilintxekin hasi, eta Joxemi Zumalaberen orriaz amaitu arte, «Donostiar haien garaia...» sailak astero-astero atera zuen bere orria Irutxulon, bitan bakarrik huts eginda (103. eta 126. aleak), publizitate ugariari leku egiteko.Halako huts egin beharrak pozik hartzen ziren Irutxulon: publizitateak ematen dio ezinbesteko diru iturria horrelako aldizkari bati.
Sortzez edo bizitzaz donostiarrak agertu ziren sail hartan. Kronologiari errespetu handirik izan gabe, XIX. mendearen amaiera aldean hasi, XX. mende zabalean jarraitu eta XXI. mende atarirainoko bidea egin zuen. Bizimolde eta euskaldun izateko moduen erakusle izan nahi luke galeria honek, alde askotara ahanzturaren itzalera eroritako garai baten lekuko.
Gotzon Egia
2002ko uztaila