Jose Zapirain Irastorza, «Chapillo»

(...1914)

Donostia zaharra, harresiak bota aurrekoa alegia, berta-bertatik ezagutu zuen gizona dugu Jose Zapirain. Izen-abizen berekoa izanda, ez dugu nahastu behar Errenteriako Joxe Zapirain bertsolari famatuarekin. Gure Chapillo Bretxako plazan jaio zen; bere etxeak harresiaren parean zetorren Santa Ana kalera begiratzen zuen. Harresiak 1863an bota ondoren, kale hori eta Zapirain jaiotako etxea bera ere galdu ziren betiko.

Gaztetan pilotari txukuna izan omen zen errebotean, Bretxako plazan errebotean ari izaten baitziren garai haietan. Ez zen, ordea, pilotari gisa nabarmenduko. Zapirain hizlari eta kontalari apartekoa izan omen zen; Donostia zaharreko kontu, ipuin eta kantu guztiak omen zekizkien.

Lanbidez zapatari izan zen bere bizitza guztian; Konstituzioko plazan izan zituen bere tailer-dendak. Udaletxea gaurko liburutegian zegoenean, bilerak bukatuta Zapirainen lantegia izaten omen zen zinegotzien berriketa leku.

Bilintxen lagun handia izan zen Zapirain. Elkarrekin ordu luzeak pasatzen omen zituzten txolartean, kontu zaharrak berritzen eta bertsotan. Bilintxen ibilera guztien berri zeukan Zapirainek, eta haren poema eta kantu gehienak buruz ikasiak zituen. Izan ere, bertso zaharrak buruan gordetzeko dohain paregabea omen zeukan Chapillok.

Lore-jokoak eta euskal festak Donostian antolatzen hasi orduko, Zapirain izan zen bertsolariak ekartzeko arduradun. Bertso saio mordoa antolatu eta zuzendu zuen, ez bakarrik Donostian, baizik Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin ere. Orduko bertsolari guzti-guztien adiskide eta lagun izan zen. Ikusi besterik ez dago aldameneko argazkia. Pello Errota eta Pedro Mari Otañorekin ageri da Zapirain Arrasaten 1896ko lore-jokoetan.

Zapirain hil zenean, 1914ko abuztuaren 27an, Jose Manuel Lujanbio Txirritak bertso hauek eskaini zizkion:

Aita Zapirain-i

  Gure aita Zapirain

euskaldun abilla,

arrokeri gabeko

zintzo ta umilla;

zan ibiltzen etzana

erriyeta billa,

gañera gizon ona

prestu ta iŝilla,

Zeruaren erdiyan

gaur aurki dedilla.

 

  Beti idukiko det

biyotzez goguan,

ta bere irudiya

albanu kolkuan;

bazekiyen zer nola

ibilli munduan,

argatik ipintzen det

aundiyen graduan,

noski Pello Mari-kin

gaur dago zeruan.

 

 

Argazkia: Wikipedia