Errenterian sortu, urte luzetan Donostian bizi, eta Oiartzunen hil zen Ayalde ezizenez ezagututako pintore, idazle, euskaltzale eta inprentaria. 1915eko urtarrilaren 17an jaio zen; familiaz zetorkion inprentari sena: bere aitona Bernardo Valverdek sortu zuen Irunen 1880an El Bidasoa aldizkaria eta inprenta. Lanbide horri jarraitu zion Antonio Valverdek bizitza osoan. Hasieran, inprenta Errenterian izan zuten, eta 1941etik aurrera Donostian. Haren seme Antton Valverde kantariak eman dizkigu argibide hauek gehienak, baita argazkia ere.
Gazterik erakutsi zuen arterako zaletasuna; Ascensio Martiarenarekin ikasi ondoren, 1935ean Artista Berrien saria eman zioten lehenengoz, eta gerra ostean 1942an berriro ere bai. Ayaldek eta bere belaunaldiak modernitatearen zentzua ekarri zuten euskal arte mundura. Alor guztiak landu zituen Valverdek: pintura, marrazkia, litografia, grabatua, akuarela, eta abar; estilo guztietan: errealismoan hasi eta kubismora iristeko.
Urte askotan Gipuzkoako Foru Aldundian egiten zen tertulia hartako kide izan zen J. Artetxe, F. Arozena, G. Altube, K. Mitxelena, M. Agud, J.I. Uria, J. Aranburu, A. Irigarai, K. Santamaria, I.M. Barriola, M. Pelay, J.M. Sansinenea, J.M. Zumalabe, eta abarrekin batera; noizean behin, Jorge Oteiza ere agertzen omen zen.
Ayalde saltsa guztietan sartuta ibili zen, 50 eta 60ko hamarkada zail haietan. Semeak dioenez, haren nortasunari hobekien dagokion adjektiboa liberala izan daiteke; ideia eta jarrera guztiekiko errespetua zuen, eta ez zuen harrokeria edo zurikeria batere maite. Idazteko eta margotzeko bakardadea bilatzen zuen arren, etxekoia zen; Maria Dolores Lamsfus Retegi errenteriarrarekin ezkondua zen.
Berrogei bat urte beteak zituela hasi zen euskaraz ikasten, Elbira Zipitriarekin, erdi ezkutuzko eskoletan. Bere bizitzari ikuspegi eta adiskide berriak gehitu zizkion euskaldun sentitu eta izateak. Handik aurrea, etxean nahiz kalean euskaltzale sutsu bihurtu zen Ayalde. Bertso munduan asko sartu zen, eta Euskaltzain izendatu zuten. Euskara batuaren aldeko izan zen hasieratik, eta Koldo Mitxelena lagunarekin sarritan ari izan zen gai horretaz.
Bere idazle lanak El Bidasoa, Oarso, Olerti eta batez ere Egan aldizkarian argitaratu zituen: Mari Beltza (1956, P. Barojaren itzulpena); Erti-Berriak (1957); Marc Chagall (1957); Picasso (1957); Bestearen Lekuan (1958); Izugarri baten jarduna (1958); eta Darío Regoyos (1960). 1965ean Con fondo de txistu liburua argitaratu zuen, eta hil ondoren 1970an Ibar ixillean ipuin, olerki eta entsegu bilduma kaleratu zioten; azken horren barruan, Euskel-Eskolari buruz lana dago, J. San Martinen iritziz euskal pintura modernoaren azterketarik zorrotzena.
Oiartzungo etxea bakardadean lan egiteko iheslekua izan zen Ayalderentzat. Uda osoa han igarotzen zuen familiak; Donostiako «jendetzak» (pentsa 1950-60 urte inguru haietan!) nekatu egiten omen zuen. Heriotzak bertan harrapatu zuen 1970ko uztailean, berrogeita hamabost urte zituelarik. Berak hain maite zuen eta hainbestetan pintatu zuen Oiartzungo herriak Ayalde izena jarri zion kale bati.
Iturria: Antton Valverde eta EGIPV, Lit. III, 496 or.;
argazkia: Antton Valverdek utzitakoa.