Otxandioarra zen Felipe Arrese Beitia; Bizkaiak eta Arabak muga duten herri zoragarri horretan jaio zen 1841eko maiatzaren 25ean. Alde batera donostiarra ere bazen, bertan urte asko egin baitzituen.
Idazle baino lehenago, irudigile izan zen. Gaztetan 1854an Gasteizen marrazketa ikasita, herriz herri elizarako irudiak egiten hasi zen, zurez edo harriz. Santugina izan zen, beraz.
Bere lehen poema hogeita hamaika urte zuelarik argitaratu zuen. Hurrengo urtean, 1873an alegia, Donostiara etorri zen bigarren karlistaldian sortutako borroketatik ihes. Bertan ezkondu zen Angela Bengoarekin.
Arrese Beitiaren poemarik ezagunena Ama Euskeriari azken agurrak izenekoa da; Elizondoko lore-jokoetan lehen saria eman zioten 1879an. Donostian idatzi zuen, eta eskuizkribua Koldo Mitxelena liburutegian gordetzen da gaur egun. Poema horrek Euskal Herriaren kontzientzia astindu zuen: euskara galbidean ikusten zuen Arrese Beitiak, eta euskaldunak esnarazteko garaia heldu zela uste zuen. Poema, artikulu eta idatzi andana ekarri zuen atzetik Arrese Beitiarenak!
Geroztik, sari asko eta asko irabazi zituen lore-joko eta euskal festetan Arrese Beitiak: Beran, Iruñean, Bilbon, Markinan, Hondarribian, Maulen... Liburuak ere argitaratu zituen: Bizkaitar zarrak eta erromatarrak 1883an; Diccionario Manuel Bascongado y Castellano y elementos de Gramática 1884an. Herri harpidetzaren bitartez 1900ean, berriz, bere poema bilduma argitarau zuen Ama euskeriaren liburu kantaria izenaz, eta Arturo Campionen hitzaurreaz.
Bere jaioterrian, Otxandion, hil zen Felipe Arrese Beitia, 1906ko urtarrilaren 16an, hirurogeita hiru urte zituela. Hil ondoren, 1908an beste poema liburu bat argitaratu zuen: Asti-orduetako bertsozko lanak.
Argazkia: EGIPV, Hizt. II, 588 or.