Añorgan sortu zen Fabian Loidi 1907ko abenduaren 22an. Gurasoak oriotarrak zituen, baina Kubara joan eta hango gerratik ihesi etorri ziren Añorgara.
Lehen ikasketak Andoainen egin ondoren, apaiz izateko joan zen ikastera Saturraranera lehendabizi, eta Gasteizera gero. Bertan apaizturik 1935ean, bere lehen apaiz lana Musitun (Araba) izan zuen. Gerrak han harrapatu zuen; norbaitek salaketa egin, eta preso hartu zuten frankistek. Lizarra aldera trenean zeramatela, tunel baten ilunean ihes egitea lortu zuen. Mendiz Lizarrara iritsi eta ezagun batzuen etxean gorde zen. Geroago, erregularretako kaperau gisa ere ibili zen Marokon.
Bere lehen poemak gerra aurrekoak dira. 1934an Zarautzen izandako Euskal Olerkiaren V. Egunean lehen saria irabazi zuen Oriyo’ko umezurtza poemarekin. Aita Manuel Lekuonaren iritziz, hori izan zen Loidiren literatur gailurra.
Gerra amaituta, Karrantzako (Bizkaia) bi auzo parrokien ardura eman zion Lauzirika gotzain frankistak, zigor gisa, 1946an Igeldoko parrokiara bidali zuten arte. Hortik aurrera, esan liteke bere bizitza osoa Igeldon egin zuela Fabian Loidik.
Bere poesia lana ez zen, ordea, gerrarekin bukatu. 1950ean Aizkolariak poema saritu zioten Donostian, orduko «Educación y Descanso» zeritzanak antolatutako lehiaketan. 1953an Gipuzkoako Foru Aldundiko lehiaketan Ixildu eziña poemarekin saria irabazi zuen. Beste poema sarituak izan ziren: Meza berria, Erne Naparroa, Arraunketa, eta Bateltxoa kulunkaz.
Bere poema libururik ezagunena 1977an argitaratu zuen, Tolosako Kardaberaz argitaletxean,Txiruliruka izenaz. Egilearen izena «Paben Loidi» ageri da liburu horren azalean.
Apaiz lanaz gain, Igeldon beste zaletasun bat erakutsi zuen: bidaiak egitea. Frantzia, Suitza, Austria, Bulgaria, Danimarka, Ingalaterra eta beste noranahi eraman zituen Igeldoko taldeak, berak antolatutako txangoetan. Gazteentzako areto bat ere sortu zuen parrokiaren babesean, antzerkia, zinema eta halakoak antolatzeko. Azken urteetan, ordea, istilu latzak izan zituen bertako gazteekin, politika kontuak zirela eta.
Igeldon hil zen Fabian Loidi, 1985eko apirilaren 8an, hirurogeita hamazazpi urte zituela. Hemengo xehetasun gehienak, baita argazkia ere, Alex Aisa igeldotar adiskide Bagerakideak emanak dira.
Iturria: Alex Aisa eta argazkia: Euskonews