Indalezio Bizkarrondo Ureña, «Bilintx»

(1831-1876)

Donostian sortu 1831ko apirilaren 30eko eguerdian eta bertan hil zen Bilintx  edo, garai hartan idatzi ohi zuten bezala, gure Vilinch . Izen oso-osoa Guillermo Joaquin Indalecio zuen. Amaren aldeko aitona andaluza omen zuen, Ayamontekoa (Huelva). Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen.

Ezagutu zutenek idatzita utzi dutenez, ez omen zen edertasun handiko gizona: umetan paretara igo, handik erori eta aurpegia desitxuratuta gelditu omen zitzaion. Egia esan, honen ondoan dagoen erretratuan ere hala ageri da. Hortik zetorkion nonbait Indalezio Moko beste goitizena.

Zorigaiztoa lagun izan zuen bere bizitza osoan Bilintxek. Soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak egin zizkion; aurrerakoan errenka ibili zen betirako. Beste behin, etxera lapurrak sartu eta aurreratuta zituen 8.000 errealak ostu zizkioten.

Liberala zen Bilintx, eta Donostiako liberalen laugarren batailoian gudukatu zen bigarren karlistaldian. Gauzak nola diren: 1876ko San Sebastian egunenean, karlistek botatako granada sartu zitzaion leihotik etxera, Antzoki Zaharrean bizi zelarik, bertako zaindari izan baitzen urtetan. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzetan oinaze izugarriak pasatuta hil zen gizarajoa, uztailaren 22an.

 

Maitasunaz eta edertasunaz idatzi zituen bere poema gehienak Bilintxek, dohain horietan bera oso aberats izan ez bazen ere. Bizitzaren garratza umore eta ironia finez azaltzen jakin zuen, herri bertsogintzaren moldeetan.

Bere poema asko eta asko kantatzeko sortu zituen, eta herriak luzaroan gorde ditu kantu horiek: Kontzezirentzak, Beti zutzaz pensatzen, Neskatxa bati mutil batek jarriyak, Bein batian Loyolan, Izazu nitzaz kupira, Potajiarena, Maita nazazu arren, Ja-jai, eta guztietan ezagunena, ziur asko, aldamenean musika eta guzti dagoen Juana Viŝenta Olave.