Altzan jaio zen Anizeto Zugasti 1904an. Ama alargundurik, bera eta bere anaia, apaiz batekin hazi ziren. Hamalau urte zituelarik, hezurretako gaitza sortu zitzaion; hiru aldiz operatu zuten, baina hazteko garaian zegoenez, hanka bat beste baino motzago gelditu zitzaion betiko.
Ikasketak Gasteizen eginik, 1927an apaiztu zen. Arabako Lantziegon apaiz-lagun eta organo jole gisara urte batzuk egin ondoren, Pasai San Pedrora joan zen kaperau Bigarren Errepublikaren garaian. Bertan zegoen 1936an; hala kontatzen zuen berak:
«— Gerra piztu zenean ni San Pedron nintzen, Pasaian. Ez zitzaidan ezer gertatu. Trintxerpen baziran gaiztoak, CNTkoak, baina nik ez zuen sotana kendu».
Ordu arte, 1936 arte alegia, Zeruko Argia aldizkariko zuzendariorde izan zen. Bertan eta Arantzazu, Egan eta Euskal Esnalea aldizkarian argitaratu zituen bere idazlanak: Bareak ipuina 1926an; Mendi-mendian 1932an; Maiatzeko loreak 1950ean; Argibidea hurrengo urtean; Jesus'en Biotza'ren illa eta Bederatziurrenak 1951n; Entzi'ko Andra Mariaren Bederatziurrena 1952an; Argi-bide txikia 1954an; Ikasgaiak baserritako neskatxentzat 1955ean Nemesio Etxanizekin batera; Neska-Mutikoentzat Eliz-liburua 1957an; eta Itun Berria 1967an, Orixerekin eta Kerexetarekin batera.
Euskara batuaren aurkako porrokatua izan zen, Euskerazaintza sortu zuenetakoa. Hala ere, «hizkuntza batentzat inportanteena egitea da, zer dago euskeraz egitea baino hoberik euskerarentzat?» zioen.
Ideia zaharretakoa zen Zugasti. Haurrak hezteko jotzea begi onez ikusten zuen, baita heriotza zigorra ere.
Donostian hil zen 1983an, Artzain Onaren katedraleko benefiziadua zelarik.
Iturria: Oh! Euzkadi, 7, 1981; argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia