Pello Expaiñ eta Antton Ixkiña

Koadrila berekoak ziren Antton Ixkiña eta Pello Expaiñ: zezenketari edo toreatzaile koadrila berekoak, alegia. Kapotearekin aritzen zen lehenengoa, banderilak jartzen bigarrena. Elkarrekin inguruko zezen plaza guzti-guztiak korritu zituzten joan den mendearen amaieran eta mende honen hasieran: Donostian, Hondarribian, Azpeitian, Arrasaten, Deban, Mutrikun... Denetan erakutsi zuten zer den zezenaren aurrean ausardia izatea... ihes egiteko. Halako fama lortu zuten, non antzerkira ere eraman zituen Victoriano Iraolak Ishkiña Mutrikun izeneko bakarrizketan; Pepe Artolak jokatu zuen obra hori Antzoki Zaharrean behin baino gehiagotan.

Donostian zuten behin zezenketa, arratsaldeko orduetan. Pello Expaiñ etxean da emazteak lagundurik, erdi toreatzaile erdi praisku itxurako bere trajea janzten. Non datorren Ixkiña oihuka, berandu dela eta. Beldurrak airean, Pellok emazteari: — Ariyo, Kaxilda! Ez nazu geyago ikusiko. Ixkiña aldamenetik, Ameriketan ibilitako toreatzailea balitz bezala: — Ez kuidadorik iruki, nerekin dijua ta.

 

Batek eta besteak, plazan izugarrizko kemena erakusten zuten, batez ere zezenaren aurrean korri egiten. Haiek bai trebeak, inon treberik bazen, adarrari ihes egiteko! Hala ere, halako beldurrez ibili arren, ez ziren sekula etxeratuko zezenak zilipurdika bidali eta galtzipurdiak ondo urratu gabe.

Pello Expaiñ, banderileroz gain, pilotari txukuna zen. Muralla zaharraren kontra behin pilotan ari zela, goi-goitik mutikoskor batek sekulako karkaxa bota omen zion; ia-ia lepondoan harrapatu zuen: — Derepente eroriko aldek murallatik bera; ez gaxki nai diyotalako, baizik zeiñ dan ezagutziatik.

Bere azken egunak enterradore lanetan egin zituen Pellok. Behin, lagun batek kalean ikusi eta bere bizimodu berriaz galdetu zion: — Gaxki, gizona; jun dan astian aingeru arrayo bat besterik ez da ill.

 

Iritzi bat

Izenburu horrekin, Victoriano Iraolak bertso hau idatzi zuen:

Toliatzalle onik eztala

ori ez nezake esan,

zeren char onak -ziyon Marichuk-

diyote dirala izan:

ikusi ditut Gerra, Fraskuelo,

emen Aranaren plazan,

salerosuak ziraden biyak

salero duenik bazan,

¡baña neretzat Anthon Iškiña

bezelakorikan etzan!