Mende arteko Donostiaren lekuko nagusia da Pepe Artola, aurreko orrian ageri den Ramonen semea. Donostian jaioa, 1864ko urtarrilaren 4an; aita bezala, iturgin eta margolari lanbidez; idazle, antzerkigile edo aktore zaletasunez.
Joakina Antonia Urkola Iraola zizurkildarrarekin ezkondu zen 1887ko urriaren 29an, eta bi alaba izan zituzten: Rosario Isabel eta Modesta. Lau urte geroago, ordea, emaztea hil eta ostera ezkondu zen Pepe 1893an Gertrudis Gartxotenea Larrañaga zarauztarrarekin. Ezkontza honetatik jaio ziren Ramon eta Pepita. Zorionez, Artolatarren leinua eta oroimena ez dira galdu: Rosario Isabelen biloba —eta beraz Peperen berbiloba— izan da, Agurtzane Bravo alegia, familiaren xehetasun guztiok esan eta argazkiak eman dizkiguna.
Bere lehen poemak hemezortzi urte zituela argitaratu zituen, eta handik aurrera etengabe eta asko idatzi zuen Euskal-Erria, Euskaltzale, Ibaizabal, Baserritarra, El Thun Thun, La Brecha, La Galerna, El Pueblo Vasco, Novedades eta Buenos Aireseko La Baskonia aldizkarietan. Sari asko irabazi zituen lore-jokoetan. Antzerkia ere erruz idatzi zuen: Praisku, Pello Kirten, Motxa Erriyan, Maria Iñaxi nerea bakarrizketak; Legorreko arrantzaliak sainetea, Bixente komeria, eta abar. 1910ean Usandizagaren Mendi-Mendiyan operari jarri zion hitza. Gainera, Euskal Fedea antzerki taldeko kiderik garrantzitsuena izan zen urtetan. Zenbat eta zenbat arratsalde gozo ez ote zuten pasa donostiarrek Antzoki Zaharrean Pepe Artolarekin farrez lehertzen!
Gizon ona, bromazale eta alaia omen zen goitik behera. Donostiako Orfeoiko kide zelarik, behin Parisa joan zen; linterneria itxi, noski, eta atean abisua jarri omen zuen. Letra txikia zen eta, gainera, goi samarrean zegoen jarrita. «—Zer berri ote dute Artolatarrek?» zioten donostiarrek hura ikusita. Hurbildu, lepoa ondo luzatu eta abisua irakurtzea lortzen zutenek barrez jarraitzen zioten bideari: «Cerrado por función».
Bere azken urtetan begia galdu zuen gaitz baten ondorioz. Inork «kaxo don Pepe» esaten bazion, horra erantzuna: «Ni naiz don Pe, geratu nintzalako begi pe». Zahartzera, umeei pazientziak (opil txiki eta gozoak) banatzen omen zizkien, «pazientzia izan zezaten».
Bere poema eta bertsoak aldizkari askotan sakabanatuak egon arren, berak ondo bilduta utzi zituen: bi karpeta handitan jaso zituen bere lan guzti-guztiak, eta bakoitzean ondo jarrita non eta noiz argitaratu zen. Lehendabizikoaren zati bat Auspoa saileko 4. alean kaleratu zen, baina beste guztia ukitu gabe dago oraindik.
Hirurogeita bost urte zituela hil zen Donostian, 1929ko apirilaren 21ean.
Mariya nora zuaz...
Herri kantatzat daukagu denok Maritxu nora zoaz... kantatzen dugun hori. Litekeena da, baina Pepe Artolak behintzat bertsio hau idatzi zuen 1903ko maiatzaren 10ean. Eskuizkribuak zortzi bertso ditu; horra lehendabiziko biak:
Mariya nora zuaz
eder galant ori
iturrira Bartolo
nai badezu etorri;
iturriyan zer dago
ardocho churiya
biyok erango degu
nai dezun guziya.
—Mariya zuregana
biltzen naizenian
poza sentitutzen det
nere barrenian.
—Bartolo nik ere det
atzegin artutzen
ur billa nuanian
banazu laguntzen.
Argazkiak: donostiaeuskaraz.eus