Donostiartutako kanpotar horietako bat izan zen Jose Gervais. Castillonen (Frantzia) sortu zen 1871ko uztailaren 6an. Txiki-txikitatik lan artistikorako joera eta erraztasun handia izan zuen: grabatugintzan, heraldikan eta zizelgintzan lan egin zuen bere bizitza guztian.
Hogeita bi urte besterik ez zituelarik, 1893an Angouleme-n sari garrantzitsua irabazi zuen bere lanekin. Beranduago, Euskal Herrira etorri zen bizi izatera; Baionan ireki zuen lantegia lehenbizi, baina mendea hasi bezain laster Donostiara etorri zen. Bertan ezkondu eta geldituko zen betiko. Bere lantegia Hernani kalean jarri zuen; oraindik orain haren oinordekoek segitzen diote lanbideari, eta bertan ikus daiteke bitxi-denda, lehengo izen zaharrarekin: «Gervais».
Bere lanaz gain, kiroletan nabarmendu zen Jose Gervais. Umetan izandako istripu batengatik, berak ezin zuen kiroletan jardun, baina antolatze lanetan ikaragarria izan zen, kirol guztietan eta txirrindularitzan batez ere. Fortuna Kirol Elkartean egon zen beti, eta bertatik bultzatu zituen makina bat txapelketa, lasterketa eta abar: Espainiako errepideko txapelketak, ziklo krosekoak, probintziako txapelketak... Behobia-Donostia lasterketa antolatzen ere maiz aritu izan zen.
Famatuak ziren Gervaisek epaile gisa egindako lanak. Oso zorrotza zen arau kontuetan; kirolariren bat harrapatzen bazuen arauz kontrako jokabidetan, hantxe mehatxatuko zuen makilaz, frantsesezko biraoez infernutarren artera bidaltzen zuen bitartean.
Bestela, oso bihotz onekoa omen zen. Bere pozik handiena, ziur asko, 1949ko uztailaren 9 eta 10ean izan zuen: Frantziako Tour-eko etapa amaitu eta hurrengoa hasi zen Donostian. Urtetako ametsa, ordea, ez zuen ikusterik izan: ziklo kroseko munduko txapelketa Oñatin 1953an; antolatze lanetan buru-belarri ibili zen, baina zoritxarrez lehenago hil zen Gervais.
Hil aurretik esana utzi zuen bere hiletan ez zuela lorerik nahi. Denek errespetatu zuten Gervaisen azken borondatea, baina hileta amaitzear zegoela, Frantziako kontsulak bidalitako lore-sorta iritsi zen, kolore zuri-gorri-urdin eta guzti.
Goiz hotz batean hil zen Jose Gervais Donostian, 1951ko martxoaren 2an.
Argazkiak: txikia Fortuna Kirol Elkarteak utzitakoa;
handia, Kutxa Fototeka. Argazki Artxiboa. Gipuzkoa Donostia Kutxa.
Argazki oina:
1926ko Behobia-Donostia lasterketa Gaintxurizketako tunel zaharrean; korrikalaria Dionisio Carreras da; atzean, Gervais automobilean, lasterketako zuzendari.