Mende arteko Donostian euskal idazleetan ezezagunenetakoa dugu Cayetano Sanchez Irure. Euskaltzale sutsu eta saiatua, izkribatzaile txukuna, donostiar-donostiarra, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarrak urtero antolatzen zituen euskal jaien antolatzaileetako bat izan zen.
Donostian jaio zen, 1856ko abuztuaren 30ean. Joxemaritar petoa zen, Santa Marian bataiatua izan baitzen.
Donostiako Udaleko zaindari izan zen lanbidez. Urte luzetan, Ondarretako espetxe zaharrean zaindari lanak egiten izan zen. Pasadizo gaizto bat ere bizitzea egokitu zitzaion: gau batean, hiru preso matxinatu eta zaindari bi hartu zituzten nahituta, horietako bat Cayetano bera. Azkenean, presoek ihes egin zuten. Udalak ikerketa zabaldu zuelarik, hasieran Cayetano preso iheslariekin bat egina ote zegoen, lanik eta diru saririk gabe bidali zuten etxera. Beste bizibiderik ez, eta bere emazte Catalina Letek hasi behar izan zuen lanean, josten eta etxeak garbitzen. Latzak pasa zituzten. Azkenean, egiaztatu zen Cayetanok ez zuela zer ikusirik izan preso haien ihesean.
Donostiako udal artxiboan Cayetanoren idatzi asko dago gordeta, Udalari erreklamatuz bere errugabetasuna lehenbizi, galdutako hilabeteen soldata gero.
Azalpen hauek guztiak, baita aldamenean den argazki ederra ere, Cayenatoren birbiloba Ana Perales Ugarteri zor dizkiot.
Poemak asko idatzi zituen, gehien-gehienak Euskal-Erria aldizkarian argitaratuak. Antzerkia ere bai; bere lanik ezagunena Azken beltza izeneko komeria da. Antzoki Zaharrean Santo Tomas egunean antolatzen zen antzerki saioan maiz jokatu zen lan hori.
Lagun asko eta asko izan behar zituen Cayetano Sanchez Irurek euskaltzaleen artean; hil zenean, 1916ko abuztuaren 24an, oroimen hitz hunkigarriak eskaini zizkioten Euskal-Erria aldizkariko orrialdeetatik Toribio Altzagak, Juan Ignacio Urangak eta Rosario Artolak. Pepe Artolak, berriz, aldamenean duzuen bertsoa eskaini zion. Erretratua (gorde den bakarra, guk dakigula behintzat), bere lagun Victoriano Iraolak egina da.
Pepe Artolak eskainitako bertsoa
Egiyetako Donostiarra
jostallu eta trebia,
koska zalia, benetakua, jatorra pare gabia;
kontu kontatzen yayua eta
izkribalari obia,
euskara zale leyal zintzua
egintzetan chit noblia,
¡Jaun zerukoak zure arima
izan dezala gordia!
Iturria eta argazkia: Ana Peralesek emanak.
Erretratua: Victoriano Iraola El Thun Thun
Argazkia: E. Arrillaga
Argazki oina:
Ezkerrean, Cayetano Sanchez Irure; atzean, zapela jantzita, haren seme Jose Sanchez; eskuinean, Catalina Lete, Cayetanoren emaztea; erdian, aulki gainean, Rosa Manuela Ugarte Sanchez, Cayetanoren biloba.