Jaiotzez asteasuarra izan arren, Donostian esan liteke egin zuela bere bizitza osoa. 1903ko martxoaren 26an sortu zen; ikasketak egitera herritik kanpora atera zen, lehenik Lekarotzera, eta ondoren Oviedo-ko Unibertsitatera, legeak ikastera.
Pentsamoldez oso eskuindar eta tradizionalista izan zen: Gipuzkoako Comunión Tradicionalistako buru izan zen. Franco-ren diktaduraren urte beltzetan, beraz, «erregimeneko» gizona izan zen dudarik gabe. Besteak beste, 1967an Madrilgo Gorteetan diputatu izendatu zuten, «tercio familiar» izeneko haren ordezkari.
Hala ere, euskaltzalea izan zen Arrue. Koldo Mitxelena eta Aingeru Irigarairekin batera Egan aldizkariko zuzendari izan zen urtetan, eta euskaltzain osoa. Bestalde, Gabriel Arestiren lehen laguntzaile eta bultzatzaileetakoa izan zen, nahiz ideologiaz oso aparte zebiltzan bata eta bestea...
Euskarazko lehen idatziak 1932an hasi zen argitaratzen, Egan, Euzko-Gogoa, Zeruko Argia, Euskera eta abarretan. Liburu gisa, Jan-Edanak argitaratu zuen, sukaldaritzari buruzko artikulu bilduma.
Hizlari aparta izan zen baita ere. Gure Herria aldizkarian, esate baterako, euskal hizlaririk onentzat hartu zuten.
Erdaraz ere artikulu eta liburu ugari idatzi zituen. Ezagunena San Sebastián y la Real Compañía de Caracas 1965ean argitaratu zuen.
Donostian zendu zen Antonio Arrue 1977an, hirurogeita hamalau urte zituelarik.
Argazkia eta iturria: EGIPV, Hiztegia II, 635 or.