Pablo Sorozabal Mariezkurrena

(1897-1988)

Donostiako Bergara kaleko 12.ean jaio zen 1897ko irailaren 18an. Gurasoak Jose Maria larrauldarra eta Josefa hernaniarra izan zituen. Pablo bosgarrena zen sei senideren artean. Musika ikasketak Donostiako Arte Ederretako Akademian hasi zituen, Manuel Zendoia irakaslearekin. Baita ere, Donostiako Orfeoiko haur kantaria izan zen. Arrabita Alfredo Larrotxarekin ikasi zuen, eta pianoa German Zendoiarekin.

Gazte-gazterik hasi zen arrabita jotzen. Bere estraineko kontzertua Novedades zinema aretoan egin zuen, Santos Gandia biolontzelo jolearekin eta Juan Telleria piano jolearekin batera. 1914an Kasino Handiko Orkestran leku finkoa eskuratu zuen. Armoniako ikasketarik ia batere egin gabe, sokako koarteto baten lehen joaldia konposatu zuen. Alfredo Larrotxak ikusi zuenean, berehala bilatu zuen bidea Beltran Pagolak ematen zituen armonia eta konposizio eskoletan sartzeko Pablo; irakasle horren ardurapean egin zituen bere lehen konposizioak.

Soldadutza 1919an amaiturik, Madrilera joatea erabaki zuen bere burua konpositore gisa ezagutarazteko. Orkestra Filarmonikoan hartu zuten, eta bizibidea ateratzeko kafe eta antzekoetan jardun zuen. Garai hartan landu zituen Capricho español eta Cuarteto en Fa.

Schumann-en oroipen biografikoen liburua irakurtzea erabakigarria geratu zitzaion, Alemaniako Leipzig-era joatea deliberatu baitzuen hura irakurri ondoren. Bertan, trebakuntzaldi sakona egiteaz gain, obra asko sortu zuen: Arrosa lilia, Bentara noa, Kuku bat badut (1922), Suite Vasca (1923), Dos apuntes vascos (1925), Gabiltzan kalez kale, Bigarren kalez kale eta Baserritarra (1925, koro eta txisturako obrak, Isidro Ansorenaren aholkuei eta Secundino Esnaolaren eskariei jarraituz), Variaciones sinfónicas sobre un tema vasco (1927), Gernikako Arbola (1927).

Ikasketaldia amaiturik, zartzuelaren munduan sartzera deliberatu zen Sorozabal; bere etorkizunean funtsezkoa izan zen erabaki hori, 1931ko urtarrilaren 27an Katiuska obra estreinatu orduko arrakastak etengabe jarraitu baitzion.

Handik aurrera, 30eko hamarkadan zartzuelak, saineteak, operetak, balletak, eta gisako lanak idatzi zituen batez ere; taularatzeko maisutasuna, teknika musikala eta irudimena ez zituen eskas izan obra haietan. Espainiako antzerkigintza lirikoak premiazkoa zuen bultzada eta arnasberritzea eman zion Sorozabalek. Musika lirikoaren alorrean Pablo Sorozabalek 23 obra idatzi zituen 1964ra bitartean.

Ez zuen inoiz euskal gaiez zartzuelarik idatzi; oso gai labainkor eta zaila iruditzen omen zitzaion. Pio Barojarekin karlistaldiaren inguruko lan bat aski aurreratu zuen, baina gerra zibilak etenarazi zuen.

Hiru filmerako musika ere idatzi zuen: Jai-Alai (filme horretan ageri zen bere Maite ospetsua); Marcelino, pan y vino; eta María, matrícula de Bilbao.

Antzerkigintza pixka bat utzi zuelarik, 50eko eta 60ko hamarkadatan ostera itzuli zen musikaren alorrera.

Horrela, 1951n Victoriana orkestrarako suitea idatzi zuen; 1952an, Nekatxena suite korala Maitea Abesbatzari eskainia, eta Chantons, mes chers amis suitea Easo Abesbatzari eskainia; 1956an Euskalerria (Ay, tierra vasca) eta 1966an Gernika bere lanik kutunena. Handik aurrera, obra gehiago sortu eta aurretik idatzitakoak birmoldatzen eman zuen bere denbora.

Bere drama liriko bat, Juan Jose izenekoa, estreinatu gabeko bere obra bakarra oraingoz, nahiz 11 urtetan lan egin partitura horretan. Sorozabalen ustez, hori da bere lanik onena.

Donostiako Udalak 1978ko ekainaren 30ean hiriaren gorespen ikurra eman zion Sorozabali, «Donostiaren alde egindako aparteko lanen aitorpen gisa».

Laurogei urte bete zituenean, Donostiako bere lagunek omenaldi ederra egin zioten Ollagorra Elkartean; bertan gordetzen da Sorozabalen eskuizkribu baliotsua.

Bere bizitzako udaldi asko eta asko Deban pasa zituen Sorozabalek; han, harreman handia izan zuen Ozio-bide Elkartearekin, eta hari eskaini zion Debako Martxa (edo Irugarren kalez kale). Esker onez, Udalak kale baten izena eta oroitarri eskaini zizkion berari.

Pablo Sorozabalek idatziak utzi zituen bere oroipen biografikoak, Mi vida y mi obra izenpean argitaratutakoak.

Madrilen hil zen 1988ko abenduaren 26an.

 

Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia