Kaximiro, donostiar arrantzalea

Joan den mendearen amaieran izan behar zuen. Moilako familien artean, bazen bat mundu honetara umerik ekarri ezin zuena. Jakina, haurrik gabeko etxea, garai hartan behintzat, gauza tristea zen... Emazteak ez zuen egunik pasako kale bazterretan jolasean ari ziren umeei begira geratu eta, bere kolkorako, intziririk egin gabe.

Egun batean, gehiago ezin, eta tornura botatako umea hartu nahi zuela erabaki zuen Axpeitik, hala esaten zioten eta andreari: —Tira ba, ekarri zazu, konformatu zitzaion senarra. Baita agudo ekarri ere; ilunabar hartan, etxera bezain laster aurkitu zuen senarrak umetxo bizkor, begi beltz, ile kizkurra ama berriaren magalean: —Nola du izena? galdetu zion gizonak; —Kaximiro. Hala deitu zioten handik aurrera etxeko erregeari.

Ari zen pixkanaka umea koskortzen, eta egun batean ama begira-begira gelditu zitzaion. Zer edo zer bazuen Kaximirok; aurpegian kolore onik ez zeukan behintzat. Hala ere, goserik ez zuen falta eta alai zebilen haurra... Hurrengoan, garbitzen ari zela, kolore iluntxoa nabaritu zion, ez aurpegian bakarrik, baizik gorputz osoan. Senarrak ere izan zuen parterik: —Miñ oriya ote du? kezkaz beterik. Bitartean, Kaximirok bere osasunaren seinale garbiak ematen zituen egunero: jaten eta negarrez ez zion auzoan beste inork irabaziko. Kolore txarra, hala ere, aurrera zihoan.

Haurra handitzen ari zen bezala, ama argiago ikusten hasi zen; aitak ere susmo berbera izanda, beretzako gordetzen zuen. Halako batean, ordea, bat-batean esan zion: —Morua ekarri zendun, ezta? Horra sekretua jakin! —Batayatua dago beintzat, eta...

Halaxe zen. Judutar emakume baten seme zen nonbait. Arrantzale gizaseme sendo eta hatzapar handikoen artean, urtetan Kaximiroren aurpegi beltzarana eta ile kizkurra nabarmenduko ziren. Ez zuen, hala ere, inork arrotz jotzen moilan. Moriko esaten zioten denek. Izan ere, arrantzale bakar bat bera ere ez zuten izen zuzenez ezagutuko: Guajiras, Mau-Mau, Aitona Paki, Ontza, Dientes, Ttario Malakara, Brakaman, Pañiku, Arroka, Karakax, Ogi eta halakoak ziren orduko tostartekuak eta bateltzainak.

Kirikoren traineruan izan zuen Kaximirok bere tostartea. Gero, baporeak sartzen hasi zirenean, Donibane Lohizunera bidali zuten ikastera. Urte luzetan «Juanita Esperanza» Kirikoren baporean makinista izan zen. Denbora puska baterako itsasoa utzi eta gas fabrikan aritu omen zen lanean. Ostera itsasoraturik Asisclo Ortiz izeneko patroiaren agindutara, 1918ko apirilaren 16an hil zen itsasoan bere lagun guztiekin; galdara lehertu ala mina bat jo ote zuten ez da jakiterik izan.

 

Argazkia: