Donostian sortu 1849ko martxoaren 23an eta bertan hil zen Jose Manterola, gazteegi hil ere 35 urte besterik ez zituela. Bizitza laburrean, hala ere, lan handia egin zuen. Bere lehen liburua 22 urte zituela argitaratu zuen (Guía manual geográfico-descriptiva de la provincia de Guipúzcoa, gazteleraz). Hortik aurrera, etengabe ariko zen lanean.
Institutuko katedraren jabe izan zen 1876ra arte, eta hortik aurrera Donostiako Udal Liburutegiko zuzendari. Bere lan nagusia, Cancionero Vasco alegia, 1877an hasi eta 1880an amaitu zuen. Lau liburuki marduletan Euskal Herriko bazter guztietako olerki, kanta, bertso, erromantze eta elezaharrak bildu zituen. Orduan erabil zitezkeen bitartekoak kontuan izanda, lan ikaragarria. Musikaren aldetik bilketa garrantzizkoa izan baldin bazen, are inportanteagoa izan zen ahozko eta idatzizko euskal literaturarentzat.
Dena dela, Manterolaren langintza nagusia ez zen liburuetan geratu, aldizkari batean baizik: Euskal-Erria. Manterolak berak sortu zuen aldizkari hori 1880an, eta 1918an azken alea argitaratu zen artean idazle eta euskaltzaleen biltoki izan zen aldizkaria. Gaurko begiz ikusita, Manterolak sortutako aldizkariaren 79 liburukiak mende arteko Euskal Herriko (eta bereziki Donostiako) kultur eta hizkuntz ispilu paregabea direla esan genezake. Orduko idazle, hizkuntzalari eta euskaltzale guztiek argitaratu zituzten beren lanak Euskal-Erria aldizkarian: Antoine d'Abbadie , Manuel Antonio de Antia, Carmelo Etxegarai, Claudio Otaegi, Julien Vinson, Arturo Campion, Ricardo Becerro de Bengoa, Jean Baptiste Elissamburu, Juan Iturrlade y Suit, Pedro de Egaña, Louis Lucien Bonaparte printzea, E. Azkue, Julian Apraiz, Ramon Artola, Guilbeau, Felipe Arrese Beitia, Adrian de Loyarte, Gratien Adema, eta abar, eta abar.
Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zuen 1884an Manterolak bere poema dramatikorik ezagunena, gerora izenburua asko famatuko zena: Post tenebras spero lucem («Ilunaren ondotik argia dut itxaropen»). Poema horretan ikus daiteke foru galtzeak zenbateraino astindu zuen Euskal Herriaren kontzientzia.
Manterolak, bere aldizkariaren bitartez, XIX. mendearen bukaerako donostiar idazle talde sendoa bildu zuen. Manterola izan zen, zalantzarik gabe, foruak galdu ondorengo euskal kontzientzia eta hizkuntza esnarazi zuen idazle eta euskaltzale taldearen arima. Orri honetan astero-astero azalduko diren izen gehienek idatzi zuten, orain edo gero, Euskal-Erria aldizkarian.
Buruko odol isuri batek eraman zuen bat-batean Manterola 1884ko otsailaren 29an, 36 urte betetzeko hilabete eskas falta zuenean.
Argazkia: Euskonews