Marcelino Soroa Lasa

(1848-1902)

Gure idazle zaharretan donostiarrena Soroa dela esan daiteke, gezurrik esan gabe. Puyuelo kalean sortua (gaurko Fermin Calbeton), bera izan omen zen koxkero izena asmatu zuena lehenengoz. Jakina denez, koxkeroak San Bizenteko parrokiako donostiarrak ziren; joxemaritarrak, berriz, Santa Mariakoak.

Soroak zuzenbide ikasketak egin zituen Valladoliden, baina abokatu lana ez beste edozer egin zuen. Gimnasia irakasle izan zen urtetan: La Infantil del Gimnasio taldea sortu zuen, eta talde horrekin ariko zen bere antzerki lanak jokatzen gerora. Zirkoa ere ibili zuen han-hemenka; behin Garibai kaleko zirko zaharrean suzko akrobazia egiten ari zela larriki erre zituen beso-zangoak.

 

Soroa izan zen, baita ere, gaurko euskaltegien aitzindari: egunkarietan iragarkiak argitararazten zituen bere burua euskarazko lezioak diru truke eskainiz.

Baina deusen aurretik, Marcelino Soroa euskal antzerkiaren aita izan zela esan behar dugu. Amadeo de Saboya-ren aurkako poema bat idatzi zuela eta, Ziburura ihes egin behar izan zuen. Han zegoela, El Trueno izeneko biltokian beste lagun batzuekin batera antzerkia jokatzen hasi zen. Orduan idatzi eta jokatu zuen lehenengo aldiz Iriyarena obra 1876an, gaztelerazko lana baina euskarazko kantuak zituena. Jokatzaileen artean mutikoskor bat ere ba omen zegoen: Toribio Altzaga. Jendeak eskuak puskatzeraino txalotu zituela ikusita, euskaraz hutsez hasi zen bere teatro lanak idazten eta jokatzen, ostera Donostiara etorrita, Lasala plazatxoan zegoen La Fraternal elkartean lehendabizi, eta Antzoki Zaharrean gero: Anton Caicu (1880), Gabon (1880), Au ostatuba! (1884), Alcate berriya (1884), Beti oquer (1885), Aizeac ecarri eta aizeac eraman (1885), Urrutico inchaurrac (1886) Barrenean arra (1886), Gorgonioren estuasunac (1888), Ezer ez eta festa (1889), Abec istillubac! (1894).

Artikuluak ere asko idatzi zituen, eta horien bilduma ere argitaratu zuen Azac eta naste izeneko bi liburukietan (1895). Ortografia zaharraren aldekoa izan zen, eta grina gaiztoz mintzatzen zen euskara «k-kaz bete» nahi zutenen aurka. Umorezko lanetan maiz erabili izan zuen Omar Celin Oasor ezizena; bistan denez, bere benetako izenaren letrak aldatuta, halako izen mairua edo osatzeko.

Itzultzailea ere izan zen Soroa; 1885ean José Colá y Goiti-ren  La emigración vasco-navarra liburua euskaratu zuen Euskal-naparren joaera edo emigracioa izenaz.

Gaitzak jota hil zen Donostian 1902ko uztailaren 20an.

 

Argazkia: Euskonews