Elisabete Maiztegi Arrizabalaga

(1911-1996)

Soraluzen jaiotakoa izan arren, aita hil zitzaionean Donostiara etorri zen bizi izatera umetan; bertan egin zuen bizitza osoa. Gazterik, Eskola Normalean maistra izateko ikasi zuen gerra zibilaren aurretik. Ikasle garai haietan Elbira Zipitria ezagutu zuen, eta harekin hasi zen alfabetatzen eta euskara sakontzen.

Gerra hasi gabe zelarik, bere lehen irakasle lana Areson izan zuen, Nafarroan. Orduan, eskoletan euskaraz egitea debekatuta egon arren, ahal zen gehiena egiten zuen umeekin (kantak, antzerkia, eta abar). Haurrekin egindako antzerki lan baten kronika polita dago El Día egunkarian (1936-06-17), euskaraz eta Uzturrek sinatua. Garai hartan asko lagundu zion Juanita Zia, Leitzako maistrak; hura ere oso euskaltzalea zen baita ere, eta elkarrekin joaten ziren biak Tolosara, Lopez Mendizabalenera euskarazko ikasliburuak erostera. Maiztegi nesken irakaslea zen, eta Juan Erentxun (pintorearen anaia), mutilena. Euskaraz aritzen zirela eta, salaketa izan zuten. Lehendabizi, Elisabete Abaurregainera (Aezkoa, Nafarroa) konfinatu zuten, eta azkenerako agintari frankistek irakasle izatea debekatu egin zieten biei. Elisabetek ez zuen irakaslegora itzultzerik izan Franco hil arte.

Maiztegi 1935eko abenduaren 12an ezkondu zen Florentino Garaialde Altolagirre ataundarrarekin; hura Areson zegoen sendagile eta han elkar ezagututa ezkondu ziren. Gerra piztu zenean, Ataunera joan ziren, eta han bizi izan ziren 1942an Donostiara etorri ziren arte.

Donostian, seme-alaba gazteenentzat euskarazko eskolaren bila hasita, berehala elkartu zen berriro Elbira Zipitriarekin. Garai hartan, andereño Elbiraren ikastola Axentxi Goenagak bere etxean utzitako gela batean zegoen. Maiztegi eta Goenaga izan ziren guraso taldeko eragile. Baita ere, Karlos Santamaria, J.M. Zumalabe eta abarren eraginez Santo Tomas Lizeoa sortu zenean, Maiztegik hara bidali zituen bere seme-alabak.

Irakaskuntzaz gain, bestelakoetan ere jardun zuen Maiztegik. 1960 urtearen inguruan, Loiola Irratia Donostian sortu zuenetakoa izan zen, Kanpandegi kalean, Gerardo Bujanda, Muñoz, Etxebeste, Mendizabal okina, eta beste zenbaitekin batera. Orixe hil zenean, 1961ean, Maiztegik eta beste euskaltzale batzuk, bakoitzak 100 bana pezeta jarrita lortu zuten hilobi ederra erostea; Zumalabek diseinatu zuen, eta bertan egon zen Orixeren gorpua, Orexara eraman zuten arte.

Gezurra badirudi ere, Franco hil ondoren Elisabete Maiztegik borroka egin zuen bere irakasle lana berreskuratzeko. Horrela, 1978an Jaeneko herri txiki batera bidali zuten, baina plaza jabetzan hartuta, Donostiako Zuhaizti eskolara etorri zen. Hiru urte egin zituen bertan, pozaren pozez haur txikiekin, 70 urte betetzean derrigor erretiratu behar izan zuen arte. Hala ere, ez zioten inoiz erretiro saririk jasotzeko eskubiderik aitortu!

Bagera Elkarteko kideok, Donostiako euskaltzale guztien izenean, omen egin genion Maiztegiri, baita beste zenbait euskaltzaleri ere, 1992ko abenduan; aitormen apala, bizitza osoan euskaltzaleen arrastotik saiatutakoarentzat!

Laurogeita lau urte zituela neumonia batek jota hil zen, azken ordura arte burua argi zuela, 1996ko uztailaren 19an, bere familiakoen maitasunaz inguraturik.

Xehetasun hauek eta argazkia Arantza Garaialde, Elisabete Maiztegiren alabari zor dizkiogu.

 

Iturria:Arantza Garaialde. Argazkia: Hizkuntza politika