Donostian jaio zen 1866ko urtarrilaren 9an. Jose Lopez Aizpuru izan zuen aita, urtetan udal liburutegiko zuzendari izandakoa.
Euskaraz asko idatzi zuen Lopez Alenek, batzuetan «Mendiz-Mendi» izengoitiaren atzean ezkutatuta. Lore-jokoetan eta euskal festetan zenbat sari ez ote zuen irabaziko, azkenerako «lehiaketaz kanpo» utzi zutenerako!
Beste askoren artean, 1894an Okendo almirantearen biografia idatzi zuen, eta bi urte geroago bere poemarik ezagunena, Josecho izenekoa argitaratu zuen La Voz de Guipúzcoa egunkarian.
Antonio Arzac 1904an hil zenean, Euskal-Erria aldizkariko zuzendari izendatu zuten, eta Manterolak hasitako lanari gogotik jarraitu zion hil bitartean.
Gaztelerazko lanen artean, San Telmoko komentuaz eta Donostiako udal liburutegiaren historiaz egindako lanak nabarmendu behar dira. Baita ere, 1906an Memoria artística de San Sebastián y Descripción de las Fiestas Eúskaras argitaratu zuen.
Bere lanengatik, Real Academia de la Historia y de las Bellas Artes de San Fernandoko kide izendatu zuten.
Marrazkilari eta margolari trebea zen. Euskal-Erria aldizkarian hamaikatxo erretratu eta marrazki argitaratu zuen. Lopez Alenen pinturak ikusi nahi badituzu, zoaz Donostiako udaletxe zaharrera (gaurko liburutegira): hormak dotoretzen dituzten pinturak berak egin zituen. Denetan, XVII. mendeko irudiak ageri dira.
Donostian bertan hil zen 1910eko uztailaren 27an, berrogeita lau urte besterik ez zituela.
Argazkia: Euskonews