Periko Bixar

Zer egiten dute gaur Donostiako udatiarrek Santa Klarara joan nahi badute? Lineako txalupa hartu eta kito. Garai batean, ordea, baporeak mugitutako motorra asmatu aurretik bateltzainak zuten eginkizun hori. Kaieko harresian, Mari-ren oroitarriaren inguru horretan izaten omen zuten biltokia. Bateltzain zahar horietako bat dugu Periko Bixar. Zergatik esaten zioten horrela aldameneko argazkian ikusten duzue argi asko.

Ez omen zen jenio epelekoa Periko Bixar. Behin batean, kaballero bat eta bi dama dotore, kanpotarrak, hartu omen zituen batelean. Jo lehendabizi Santa Klarara; jo gero Ondarreta aldera; jo gero badian buelta ederra egitera... Leher eginda omen zetorren arraunean gure Periko. Iritsi dira kaiera, lehorreratu dira behintzat kanpotar horiek, eta ordaintzeko garaian Perikok sari berezia espero, halako jira luzea egin ondoren. Non ikusten duen gizonak sei errial luzatzen dizkiola! «—¿Cómo? Seis erreales... dos personas y un caballero?... Tome, para la posada» esanda patrikatik bi duro atera, eman eta bidali omen zituen handik Perikok ziztu bizian. Kopla gutxi harekin gero!

Bateltzainen artean ba omen zuen Periko Bixarrek etsai porrokatua: Ximon Zubiria . Adarra jotzeko, behin Ximon hori preso hartuta itxasoz Ferrolera zeramatela esatera joan zitzaion koadrila handi bat Perikori; horra haren erantzuna:

— Nik ez diyot gaitzik desiatzen... bakar-bakarrik opa diyot, bidian dijuala, ondora juatia... (denak farrez).

— Bañan salbatzia... (denak harrituta)

— Bai, alegiya, berriro itotzeko! (denak algaran).

Hala ere, bihotz onekoa zen Periko Bixar. Zahartu eta dirurik gabe, mixerikordian hil omen zen gerra zibilaren aurretik.

 

Argazkia: Marí, Paco (Kutxa Fonoteka)