Secundino Esnaola Berrondo

(1878-1929)

Zumarragan jaioa izan arren, Secundino Esnaola musikari handiak bere bizitza guztia Donostian egin zuela esan daiteke. 1878ko maiatzaren 21ean sorturik, bere herrian hasi zen solfa ikasten Juan Lino de Leturiarekin. Hamalau urte zituela, Bergarara bidali zuten ikastera; ama alargunak eta izebek, ordea, apaiz joatea nahi zuten, eta kosta ahala kosta beka bat lortuta Salamancara bidali zuten. Han oso ikasle txarra omen zen... musikan ezik!

Hogeita bi urte zituelarik, 1900ean Donostiako San Bizentera etorri zen sochantre, apaiz ikasketak bukatzeko baldintzaz. Bonifazio Etxeberria maisu organistarekin jarraitu zuen ikasten armonia, hura hil zen arte.

Ordurako, 1897ko urtarrilaren 20an Donostiako Orfeoia sortua zen; lehendabiziko zuzendaria Norberto Luzuriaga izan zen, eta Miguel Oñate bigarrena. Secundino Esnaolaren ospea oso zabaldua zen, eta 1902an berari deitu zioten zuzendari izateko. Hasi bezain laster, 1903an bere lehen saria irabazi zuen Royan-en (Frantzia); handik aurrera, sari asko eta asko irabazi zituen Donostian (1904), Zaragozan (1904), Bilbon (1905) eta Parisen (1906). Udal Musika Eskolako irakasle izan zen 1906tik aurrera.

Secundino Esnaola izan zen lehen aldiz 1908an, Martutenen hain zuzen, neska-mutikoez osatutako abesbatza mistoa ateratzen ausartu zena. Hortik sortu zen Donostiako Orfeoia gaur ezagutzen dugun bezala, gizon-emakumez osatua alegia.

Euskal kantu tradizionaletan oinarrituta landu zuen bere obra Esnaolak; bere pieza garrantzitsuenak izan ziren: Uso txuriya, Loa, loa, Amak ezkondu ninduen, Pello Joshepe, Gernikako arbola, Euzko Izkuntza, Dringilin dron eta Rapsodia Vascongada.

Donostian hil zen 1929an, berrogeita hamaika urte zituelarik.

 

Argazkia: Discogs