Gabino Urdanpilleta Urruzmendi

(1876-1936)

Usurbilgo Kale Zaharren jaioa 1876ko otsailaren 19an, gazterik Lasartera joan zen teila fabrikara lanera. Handik, 1909an Egiako teileriara bidali zuten: garraioko arduraduna izan zen bertan, fabrika itxi bitartean. Orduan, zuzendari Wenceslao Agirrebengoa zen.  Adreiluzko tximiniaren parean zeukaten etxea, bi bizitzakoa; bertan bizi zen baita ere fabrikako enkargatua, Luis Otaegi. Konkorreneko aldapan goraxeago, ukuilua zeukaten: bi idi pare izaten zituen han Urdanpilletak, inguruko eder eta dotoreenak.

Izan ere, idiak tiratako karro edo galeratan egiten zuten orduan teila garraioa; idien aurretik oinez, batzuetan Andoain edo Tolosara ere bai. Beste bi itzain zituen bere kargu. Lana gogotik egin behar: goizeko lauetan jaiki, idiak gobernatu, eta seietarako fabrikan lanean.

Egia auzoa mendearen hasieran ez zegoen noski gaur bezala dena etxez beteta; industria eta baserriak ziren nagusi. Teileriaz gain, gaurko Egia kalean Lizarribarren goma fabrika eta Manuel Zendoiaren egur ola zeuden; handik gora, Polloe aldera, baratzak eta baserriak besterik ez.

Teilerian berrogei bat langile izango ziren, gehienak Astigarragakoak. Bizikletan etortzen ziren denak. Teilak eta adreiluak egiteko buztina, berriz, gehiena Kapitañene, Konkorrene eta Kullasene baserri inguruetatik ateratzen zuten. Istripuak ere izaten omen ziren langintza horretan. Behin, mendia behera etorri eta langile bat lurperatuta gelditu omen zen. Ahal zuten bezala, bizirik ateratzea lortu zuten behintzat, eta atera orduko esan omen zuen: - Egunon, jaunak! Handik aurrera, Bonifazio Eunon gelditu zitzaion izena langile hari.

Buztina fabrikara eramateko karrila jarrita zeukaten, eta bagoneta txikietan eramaten zuten bertaraino. Gaur Eizmendi burdindegia dagoen etxe horretan, errota zegoen; bertan xehatzen zuten buztina, gero teilak egiteko.

Garraioan ibiltzen ziren itzainek hermandadea zeukaten osatua, aseguro moduan. Igande arratsetan, Irayene tabernan (Egia kalean, gaur «La Estrella» du izena) biltzen ziren beren gauzak hitz egitera. 1920 inguru horretan izango zen, eta ordurako kanpotar jende mordoxka etorria zen bizi izatera Egiara. Gabino Urdanpilletari inoiz entzun izan zioten ernegatu samarra etxeratzen, kanpotar haien kontra: - Etzigutek euskeraz egiten uzten. Gaur egun gezurra dirudi, baina mende hasieran teila fabrikaren inguruko bizitza osorik euskalduna zen.

Eleuteria San Sebastian urnietarrarekin (Zapal baserriko alaba) ezkondu zen Urdanpilleta, eta bederatzi seme-alaba izan zituzten. Ignacio eta Ramon, Egia auzoan bizi dira oraindik, eta haiei zor dizkiegu azalpen hauek, baita argazkiak ere.

Urteen joanean, idiak utzi eta kamioian hasi zen Gabino Urdanpilleta teila garraioa egiten. 1927an Berliet kamioi frantsesa erosi zuen, Europako gerran ibilitakoa ziur aski. Geroztik, beste kamioi bat ere izan zuen Reo markako amerikarra, SS-7727 matrikuladuna.

Egun gutxiren faltan ez zuen ezagutu Gabino Urdanpilletak gerra zibila: 1936ko uztailaren 1ean hil zen, hirurogei urte zituelarik.

Egiako teileria gerra zibilarekin batera itxi zen betiko, baina fabrika zutik egon zen 1961 arte; azkena, 40 metroko tximinia luzea bota zuten 1962an.

 

Argazkiak: Gordegia