Kazetaria, festazalea, donostiar koxkero-koxkeroa. Halakoa izan omen zen Eugenio Gabilondo. Artikuluetan, batez ere La Voz de Guipúzcoa egunkarian idatzitakoetan, Calei-Cale ezizena erabiltzen zuen. Foruzalea zen oso, eta hala agertzen da bere artikuluetan. Bitan zinegotzi izan zen Liga Foral Vascongadaren ordezkari.
Bere gotorlekua La Unión Artesana elkartean zeukan. Bertatik antolatzen zituen danborradak, inauteriak, kaldereroak... Era guztietako festak, zirenak eta ez zirenak! Bera zen XIX. mendearen bukaera hartan Donostiako festa guztien gatz eta piperra.
Musikazalea ere bazen Calei-Cale: urtero-urtero Gipuzkoako musika banda guztiak ekartzen omen zituen Donostiara. Sekulako festak eta parrandak izaten omen ziren.
Urte luzetan, egunero-egunero, lagun koadrila bera elkartuko zen, ordu berean eta puntu-puntuan, bide berberetik pasioa egiteko: la vuelta de los indianos deitzen zion horri Gabilondok. Dudarik gabe, berak idatzitako zartzuelatxo batetik hartua zuen izena, Los Indianos, Norberto Luzuriagaren musikaz.
Donostiako Orfeoiaren sortzaile eta ohorezko lehendakari izan zen. Behin Parisa joan omen zen Orfeioa kantatzera. Donostiara itzuli direnean, trenetik jetsi orduko han dihoa Calei-Cale korrika: «— Zer dek, Eugenio, presaka al haiz? — Ez, motel; trotia zaukat, trotia!» eta hantxe segi korrika. Otordutan zaldi haragi gehitxo eman omen zieten Parisen!
Donostia zaharreko gertakari eta pertsona zelebrez osatutako liburua argitaratu zuen gazteleraz, A través de Iruchulo. Donostian hil zen Eugenio Gabilondo 1913ko irailaren 30ean.
Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia