Serafin Baroja Zornoza

(1840-1912)

Donostiarra zen goitik behera Serafin Baroja: Konstituzio plazako arkupeko etxe batean jaioa, eta bertan bizia 1912an Nafarroako Beran hil zen arte. Pio eta Ricardo izan ziren bere bi seme ospetsu, batez ere gazteleraz idatzitako lanengatik.

Serafin Baroja euskaltzale eta liberal porrokatua izan zen. Bigarren karlistaldian, Donostiako liberalen artean ibili zen borrokan, eta karlisten kontra makina bat poematxo idatzi zuen. Lanbidez meatzetako ingeniari izan zen, eta Gipuzkoan bezala, Bizkaian eta Nafarroan ingeniari buru izan zen urtetan.

Bere lehen liburua Gaciguezac 1875ean argitaratu zuen, euskarazko eta erdarazko poemez osatua. Bi euskal opera idatzi zituen: Pudente eta Luchi, biak J.A. Santestebanen musikaz. Drama bat ere argitaratu zuen, Hirni, ama alabac 1882an. Kazetaritzan ere gogor ari izan zen; Donostian El Urumea sortu zuen 1879an (astean hirutan kaleratzen zena), eta Iruñean euskaraz eta erdaraz osatutako Bai, jauna, bai izeneko astekaria 1882an. Azken honek oso gutxi iraun zuen, behar hainbat harpidedun ez baitzuen lortu.

Orduko aldizkarietan (batez ere Euskal-Errian) ezin konta halako poemak, artikuluak, izkirimiriak eta kritikak argitaratu zituen Serafin Barojak. Denetan, bere umorea ageri zuen, eta donostiar izaera beste gauza guztien gainetik.

Izatez gizon jostalaria omen zen alde guztietatik. Behin Santo Tomas egunerako halako umorezko orritxo bat argitaratu eta banatu omen zuen kalean, Choriŝua ta ogiya izenaz. Igarkizuna omen zekarren bertan, eta asmatzaileari kapoi parea agintzen omen zitzaion. Igarkizuna erraza izan nonbait, eta biharamunean ehun eta gehiago lagun Serafin Barojaren etxe atarian, zalapartaka eta kapoi eske. Estuasun hartatik ateratzeko, sekulako hitzaldia egin omen zien Barojak; jendeak txaloka bukatu omen zuen eta, jakina, esku hutsik.

Bere seme Pio idazlearen ospea zabaltzen hasi zenean, jendeari haren aita ote zen erantzuteaz asperturik, halako txartelak egin omen zituen inprentan: «Serafin Baroja, padre de Pio Baroja».

Serafin Barojaren euskal senari zor dizkiogu, baita ere, Donostiako kale, plaza eta beste leku askoren izenak: Ategorrieta, Alderdi-Eder, Jaia-Alai, esate baterako, berak asmatuak dira.

Ba al dakizue, azkenik, nork idatzi zituen Donostiako martxaren hitzak, egun ezagutzen ditugun bezala behintzat, «Bagera, gu (e)re bai...»? Serafin Barojak.

 

Argazkia: Wikipedia