Zumaiarra zen sortzez Aita Mari, baina donostiarrok betiko zorretan egon behar genuke gizon handi harekin.
1809ko martxoaren 15ean jaio zen, eta aita bezala arrantzan hasi zen txiki-txikitatik. Lehen karlistaldian familiak dena galdu zuen, eta egoera latz hartan Ameriketara zenbait joan-etorri egin zituen Aita Marik.
Han ezin ohitu, ordea, eta berrogei bat urte zituela, 1850. urtearen inguruan beraz, Donostiara etorri zen lanera eta bizi izatera. Txalupa baten jabe egin zen, eta berak zekien lanean hasi zen: patroi lanetan, alegia.
Marinel iaio eta trebea izan behar zuen, inondik ere. Orduan arrantzale itsasontzietan ez zegoen gaur bezalako tresneria eta ziurtasunik; gizon asko hiltzen zen itota itsasoan... Aita Marik askotan erabili zuen bere trebezia itsaso haserreari bere atzapartzarretik arrantzaleak kentzeko. 1861eko uztailaren 13an udan izaten den galerna bizi horietako bat altxa zen bat-batean; portura itzuli nahi eta ezinean, txalupa bateko lau gizonak uretara erori zirela ikusita, Aita Marik tximista baino azkarrago atera zituen bizirik; bigarren mailako benefizentziako gurutzea eman zioten ekintza harengatik. Donostian errespetu ikaragarria irabazi zuen Aita Marik!
Ez zion askorik balio izango, ordea. Bost urte beranduago, 1866ko urtarrilaren 9an goizean goiz txalupak Getariatik Lekeitio aldera abiatu ziren amuko bisiguen bila; goiz erdian, beldurgarrizko ekaitza altxa zen: eguraldi ikaragarri txarra, denborale izugarria... Haizearen kontra ezin, eta txalupak Pasaiara eta Donostiara etorri ziren. Elkano I. zen lehendabizi zetorrena, Manuel Aramendi patroi zuela; Pasaiako portura sartzen saiatuta ere, puntetan hil ziren hamazortzi gizonak. Bigarren txalupa, Elkano 2. izenekoa, Jose Maria Sorreluz patroi zuela (aurrekoaren koinatua), hura ikusita Donostiaraino heldu zen; sartu ezinik, gizonak borroka latzean ikusita, Aita Marik ez zuen zalantzarik izan: presaka atera zen beste txalupa batean, haiei laguntzera. Itsasoak erraldoiaren indarra zuen, ordea, eta denak irentsi zituen; Aita Mari ere bai. Guztira, hogeita hamazortzi gizon eraman zituen itsasoak egun goibel hartan!
Aita Mariren oroimena ez da ordea galdu. Zumaian, Erribera kalean, eta Donostiako moilan, bere irudiek gogorarazten digute gizon txiki haren handitasuna. Arrantzaleen artean bizirik omen da oraindik Aita Mariren kopla: — Oh! Mari leial, on, bihotz hutsa!.
Iturria: Baleike 21 zk., 1996-02-02
Argazkia: Aitor Hernandez
Argazki oina:
Aita Mariren oroitarria Donostiako moilan.