Emakume gutxi ekarri ohi ditugu orri honetara; ez gogo faltan, gero. Oraingo honetan, ordea, euskal emakume askoren ordezkaria dakarkigu: Elbira Zipitria andereñoa.
Zumaian jaio zen 1906ko maiatzaren 28an. Aita hargina zeukan eta etxean diru askorik ez, baina beka baten bidez Donostiara etorri eta lortu zuen irakasle ikasketak egitea. Bigarren Errepublika denboran sortu zuen lehen ikastola Donostian, Migel Muñoa zenaren arrastoari jarraituta, parte zaharreko Ikatz kalean (edo Juan Bilbao). Bi ardatz izan zituen bere lanean: euskara eta pedagogi berrikuntza. Hemen inork entzuterik ere ez zuenean, Piaget, Freinet, Makarenko, Montesori eta Europako beste pedagogi ikerleen teoriak ikasgelara eramaten saiatu zen.
Euskararen alorrean, urrats ikaragarria eman zuen: euskal aditza irakasteko erdal gramatikaren hitzak baztertu, eta lehendabizikoz hasi zen «nor-nori-nork», hitz horiekin, erabiltzen; ordu arte, sujeto, paciente, recipiente eta gisakoak erabili izan ziren.
Franko altxa zenean, Iparraldera joan behar izan zuen ihes, Sarara. Agudo asko itzuli zen, ordea; 1943-44 ikasturtean, ezkutuan eta Jose Migel Zumalabe zenaren semea ikasle bakarra zuela ekin zion ostera ikastolari. Ikaslibururik ez, eta ikasle bakoitzak bere koadernoa eramaten zuen; zenbakiak, lurrean egiten ziren txotxak erabilita. 1968an bere pedagogi bideari egundoko zartakoa eman zion Ministerio de Educación y Cienciak, ikasle bakoitzaren libro de escolaridad derrigortu zuenean. Ikasleak ezin gabe utzi, eta nolabait Francoren legepean jarri behar! Orduan erabaki zuten Orixe ikastola sortzea; arima eta gorputza Elbira izan zen, ia azken arnasa eman zuen arte. Hernaniko Urumea ikastola ere sortzen izugarri lagundu zuen. Guztira 50 urte egin zituen euskal irakaskuntzan.
Ez zen, gainera, haurrekin bakarrik aritu; helduekin ere bai. Gau-eskola zeukan antolatua, batez ere guraso euskaldunak alfabetatzeko. Aditza ikasi, euskal literatura irakurtzen hasi, eta halakoak egiten zuten ikasle haiek. Beste askoren artean, bertatik paseak ziren Markel Izagirre, Maria Anjeles Esnaola, Felitxu Eraso, Mañoli Aleman, Faustino Lasagabaster, Imanol Larrea, Manuel Mari Hernandez, eta beste asko.
Joxe Migel Barandiaranen miresle izan zen Elbira, eta harekin harreman estua izan zuen.
Jeltzale porrokatua, ez zuen Alderdi Egun eta Aberri Egun bakar batean hutsik egingo.
Ikasle, lankide, alderdikide, euskaltzale... eta beste askoren artean lagun asko izan zituen Elbirak. Horietako batek, Elixabete Maiztegi andreak emanak zizkigun azalpen hauek bilatzeko bidea, baita argazkia ere.
Orrialde bakarrean ez dago leku aski Elbira Zipitriak egindako guzti-guztiak adierazteko. Lana ikaragarri eginda joan zen mundu honetatik, 1982ko abenduaren 26an, hirurogeita hamasei urte zituela.
Argazkia: Elixabete Maiztegik utzitakoa