Fermin Imaz Etxeberria

(1879-1929)

Donostian jaio zen Fermin Imaz, 1879ko urtarrilaren 27an, arratsaldeko bostetan, San Martin kaleko 38. zenbakian, beheko bizitzan. Donostiarra, kaletarra eta bertsolaria izan zen, beraz. Gurasoak Jose Frantzisko alegiarra eta Maria Felipa tolosarra izan zituen. Aiton-amonak, berriz, Ataun, Alegia, Amezketa eta Altzakoak izan zituen. Senide bakarra izan zuen, Bizenta arreba, bera baino zaharragoa. Santa Mariako eliza nagusia bataiatu zuten urtarrilaren 28an; Juan Fermin jarri zioten izena.

Gizaseme sendo eta itxura ederrekoa omen zen; bibote edo bizarra usatzen zuen. Zoritxarrez, guk dakigula behintzat ez da haren argazki edo erretraturik gorde; ahalegindu gara gogotik bilatzen, baina inon ageri ez. Lerro hauek irakurtzen dituztenen artean inor balego Imazen argazkiren baten aztarna emateko gauza, benetan eskertuko genioke.

Juana Otegirekin ezkondu zen, baina ez zuten ondorengorik izan; emakume musugorri polita omen zen hura.  Fermin Imaz itsasoan ibiltzen zen arrantzan, eta bolada ez zenean berriz ikatza deskargatzen Donostiako kaian. Lasartera eta inguruko herrietara arrai saltzera ere joaten zen emaztearekin batera, zaldi koskor bati karroa lotuta; tutua jotzen omen zuen, jendeak etorria zela jakin zezan. Arrai guztia saldu ondoren, sagardotegira zuzenean, bertso-paperak saldu, sagardoa edan eta bertsotara; bitartean, emazte gaixoa han egongo zen karro gainean ilundu arte zai, gizona noiz aterako.

Fermin Imazek bertsoak jartzeko zeukan iaiotasun berezia; bertsoak jarri, paperean inprentaratu eta kalean saldu egiten omen zituen maiz. Kantatzeko ere eztarri aparta omen zeukan: boza ederra, esaera garbia, kantu lasaia. Sagardotegian zertxobait pizten zenean kantatzen omen zituen berebiziko bertsoak; eserita, ukalondoak mahaian jarri, burua bi eskuen artean hartuta aritzen omen zen isildu gabe, bertsoa bota eta bota.

Herriko jaietara Txirritarekin batera deitzen zuten; Gaztelurekin eta Frantzes Txikiyarekin ere bai. Txirritaren lagun handia izan zen Fermin Imaz, baina behin sekulako sesio gordina izan zuten elkarrekin.

Garai hartan Santo Tomas egunerako urtero-urtero bertsolariak izaten ziren, besteak beste, Antzoki Zaharrean. Txirritaren kontu egoten zen bertsolariei deitzea, eta gehienetan Fermini deitzen zion beste batzuekin batera. Behin, ordea, berandu iritsi zela eta ez zion deitu. Imazek, ordea, traje berria egina zuen ordurako bertso saio hartako jornalarekin ordaintzeko asmotan, eta ezin pagaturik gelditu zen. Easo kaleko Bar Manuelen parean harrika bota omen zuen txaketa, haserre-haserre eginda. Bertsoak jarri zizkion orduan Txirritari, eta jai goiz batean Errenterian saldu. Azkar asko erantzun ere bai Txirritak. Epelak esan zizkioten elkarri!

Hil zenean, Fermin Imazek bere etxea Amara Zaharrean zeukan, Osasun kaleko bigarren atariko hirugarren bizitzan. Neumoniak jota hil zen ospitalean 1929ko urtarrilaren 8an, artean 50 urte osatu gabe zituelarik..

Txirritarekiko haserrea

Horra bertso-paperetan elkarri esandakoen bi ale:

Fermin Imazek:

Txirritak:

Uste nuan Txirritak

niñula maitia,

ezagutzen det orren

borondatia;

ezta basta izaten

itzak ematia,

ori portatu balitz

banuan partia,

ni penaz betia,

ez naiz kulpantia,

ara ez juatia,

neretzat kaltia,

orrela galdutzen da

lagun-artia.

Txarraguak esango

nizkioke baña

kupitu egiten naz

ni alajaña,

uste al du dagola

kantari bikaña,

egingo lukiela

esanaz nik aña,

badaduka griña,

intentziyo piña,

zuk daukazun miña:

sufritu eziña,

deituko ziñuzteke

kapaz baziña.

Argazkia: Euskaltzaindia