Martzial Zikin

Goitizenik ez zen, behar bada, inoiz hobeki asmatuko munduan. Berez utzia zen Martzial, zikina argi esateko. Mende hasierako Donostia zaharrean ez zegoen Martzial ezagutuko ez zuenik. Uraren etsai porrokatua, ezpainak bakarrik izaten omen zituen garbi: maiz edandako sagardoak garbitzen zizkion bera konturatu gabe!

Bertsolari txukun eta sakontasun handikoa izan behar zuen, baina lotsati samarra jendaurrean kantatzeko; ahal zuen guztietan, behintzat, ez zuen kantatzerik nahi izaten.

Bizi, azken solairuko ganbaratxo batean bizi izan zen errentan. Ordaintzea, berriz, maiz samar «ahaztutzen» zitzaionez, behin nagusiak kalera botako zuela egin zion mehatxu: -Igo nazu errenta nai dezun guztiya, esan zion Martzialek, bañan Jainkoaren izenian, enazazu kalean utzi!

Sagardotegietan ematen zuen bere denborarik gehiena. Behin, gazte koadrila batek legatz kazuelakada bat eman omen zion afari-meriendarako Martziali. Pozaren pozez, jaten hasteko pronto zegoela, non azaltzen zaion lagun barrendero bat; hari ere, jakina, eskaini egin behar derrigor! Jarri dira behintzat biak jaten, eta halako batean hasi da bere lagun hori eztulka:

—Zer dezu? zirikatu zion Martzialek.

Kontrako eztarrira juan zaitala legatza.

Bai, arrazoi dezu –erantzun zion parrez– nerera juan biar zuena, zurera juan da.

Garai hartan etxeetako komunak ez ziren gaur bezalakoak. Behin, zilarrezko koilaratxoa putzu beltzera erori zela eta, Martziali deitu zioten. Hura harrapatu nahian, putzu salda hartan leporaino erori zen gizarajoa! Soka batekin atera behar izan zuten bertatik, ito baino lehen. Zer kirats aterako zuen handik ezin daiteke esan ere egin; aldamenetik pasatzen zen jendeak eskua sudurrera eramaten zuen, gure Martzial nazkatu zen arte:

—Zubek kejatzen zerate; gure emen gabiltza bada!

Ikatz kaleko Correopia sagardotegia izan zuen bizileku bere azken urteetan. Hantxe egiten omen zuen lo, aulki batean etzanda, bertako katu-arratoien laguntza ederrean. Bizimodu onik izan ez bazuen ere, urtetan oso aurreratuta hil zen, Okendoren estatuako txokolatera ospetsuari begira zegoela bat-batean harrapatutako plumoniak jota.

Argazkia: