Rufino Matxiandiarena

(...1903)

Hemeretzigarren mendearen azkenetan bizi izandako kaballero dotore eta prestu horietakoa izan zen Matxiandiarena. Erretratuan halaxe ikusten dugu: bere longaina zut-zuta, bizar-bibote luze urdinduak, begirada zorrotza.

Harresiak galdu gabeko Donostia zahar hartan sortu zen. Kultura zabaleko gizona izan zen. Latinista porrokatua, bereziki erromatar klasikoak landu zituen (Tito Livio, Terencio, Ovidio, Salustio...). Gainera, kultur-zaletasuna eta euskaltzaletasuna suharki uztartu zituen Matxiandiarenak: Larramendi, Aizkibel eta abarren lanak sakon-sakonean ikasi eta aztertu zituen.

Gipuzkoako Institutuko zuzendari izendatu zuten, Carlos Uriarte hil zenean. 1865etik aurrera, irakasle izan zen bertan ia berrogei urtez segidan.

Idazki, artikulu eta beste lan askoren artean, irakasletzan ari zelarik ikasliburu ugari prestatu eta argitaratu zituen.

Rufino Matxiandiarena Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarra (lore-jokoak eta euskal jaiak antolatzeko ardura hartu zuen erakundea) sortu zuenetako bat izan zen, eta bertako lehendakari izan zen urte luzez. Jose Manterolaren adiskide eta laguntzaile mina izan zen.

Hogeigarren mendea argitu eta berehala itzali zen Donostian bertan Rufino Matxiandiarenaren izarra, 1903. urtean.

 

Argazkia: Euskal-Erria, 1917, 77, 531 or.