Usurbilen jaioa izan arren, bere bizitzaren alderik handiena Donostian egin zuela esan daiteke. Zatarainen bitartez euskal prentsaren historiaren zati garrantzitsua ezagutu dezakegu.
1921ean Anbrosio Zatarain buru zela, Argia aldizkaria sortu zuen karmeldar talde batek Donostian. Era guztietako gaiak plazaratzen zituen astero-astero: kirolak, gogoetak, narrazioak, ipuinak... Hala ere, nagusi ziren erlijiozko eta baserri gaiak; orobat nekazariei zuzendutako aldizkaria zela esan daiteke. Hain zuzen ere, Zatarain izan zen aldizkarian nekazaritzako saila zuzendu zuena. Bere idazlan askotan «Lugin-zale» ezizena erabili zuen.
Hasieran Bittor Garitaonaindia izan zen zuzendari, eta idazleen artean zeuden, beste askoren artean, Emeterio Arrese eta Xabier Lizardi. Garitaonaindiaren ondoren, P. Etxeberria, Jose Arrue, Anbrosio Zatarain bera eta Ander Arzelus «Luzear» izan ziren Argiako zuzendari. Jakina, 1936ko gerraz amaitu zen aldizkariaren bizia.
Ez dira nahasi behar Argia astekaria eta Zeruko Argia; azken hori Damaso Intza eta B. Oieregi kaputxinoek 1919an sortutako hilabetekari erlijiosoa zen. Hasieran, 3.000 ale ateratzen zituzten Iruñeko kaputxinoen irarkolan. Hori ere 1936an desagertu zen noski, baina 1954an ostera hasi zuten kaleratzen kaputxinoek, hamabostekari gisa; berehala, ordea, Fraga Iribarneren Ministerio de Información y Turismo ospetsuak debekatu egin zuen, % 70 baino gehiago euskaraz idatzitako zegoelako. 1963an hirugarren aldiz ekin zioten, astekari gisa oraingoan; pixkanaka, erlijio gaiak murrizten eta euskara batua nagusitzen joan ziren. Zorrek itota aldizkaria ixtera zihoala, 1980an Joxemi Zumalabek eta J.M. Ostolazak eratutako kooperatiba batek hartu zuen bere gain guztiz berritutako aldizkaria: horrela sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Argia, Zatarainek eta bestek sortutako garai zaharreko haren izena harturik.
Donostian hil zen Anbrosio Zatarain 1966ko abenduaren 20an, laurogeita bost urte zituela.
Iturria: Lur Hiztegi Entziklopedikoa, 1 eta 10.
Argazkia: EGIPV, Lit. III, 466 or.