Bizkaitarra zen aitaren aldetik, eta arabarra amaren aldetik. Bera Zaldibarren (Bizkaia) jaioa zen, 1904ko ekainaren 11n, baina bizitza osoa Donostian egin zuen.
Antzerkia maite zuen, eta gazte-gazterik hasi zen Ramon Labordak antolatzen zuen Poxpoliña hartan. Bere lehen antzerki papera hamalau urte zituela jokatu zuen, Toribio Altzagarekin. Taldea Euskal Etxean sortu zen, eta geroago Euskal Iztundea sortu zuenean Donostiako Udalak, bertara pasa ziren. Izan ere, garai hartan abertzale eta EAJko jende asko aritu izan zen euskal antzerkiaren inguruan, horien artean Felisa Areitioaurtena. Bere paperik bikainena Pierre Lotiren Ramuntxo (Toribio Altzagaren itzulpena) lanarekin lortu zuen; Gregorio Beorlegi, Jose Egilegor, Antonio Etxeberria, Donato Ugartetxea eta beste asko izan zituen antzerki lagun. Shakespeare-ren Macbeth eta Molière-ren L’avare (Dollorra) jokatu zituzten, besteak beste.
Gerra aurretik, 1935eko martxoaren 19an Rosario Ezeiza beizamarrarekin ezkondu zen.
Jakina, 1936ko gerrarekin batera dena hutsean gelditu zen. Ez oso luzarorako, ordea: 1945ean antolatu zen berriro Euskal Iztundea. Pierre Lotiren Ramuntxo jokatu behar zuten ostera, eta Felisa Areitioaurtenari deitu zioten Pantxikaren papera egiteko, baina berak «antzerkian aritzeko garaia joana» zitzaiola erantzun omen zien. Papera Xinfo Lizarragak hartu zuen, baina Felisa ordezko gelditu zen, bada-ezpada ere.
Frankismo garaiko urteetan Loiolako auzoan bizi izan ziren, janari denda bat ogibide zutela. Han Felisa la vasca esaten omen zioten; pentsa zer giro izango zen, dena militar jendez inguraturik...
Donostian hil zen 1990eko apirilaren 7an, laurogeita bost urte zituela.
Argibide guztiak eta argazkia Jon Ezeiza, Felisaren semeak emanak dira.
Argibideak eta argazkia: Jon Ezeizak emandakoak