Luis Alvarez Martinez

(1914-1976)

Grosekoa zen goitik behera, Mirakruz kaleko 20.ean jaioa 1914ko abuztuaren 25ean, eta Grosen egin zuen bizitza osoa.

Argazkian ikusi besterik ez dago konturatzeko zein izan zen bere grina: margotzea. Gazterik hasi zen ikasten Ascensio Maritarenarekin, baita lortu ere: 1933an eta 1935ean artista berrien lehen saria irabazi zuen; 1934an, berriz, Donostiako Udalak emandako laguntzarekin Madrilera joan zen ikasketak jarraitzera.

Gerrak soldadu zegoela harrapatu zuen, eta nazionaletan aritu behar izan zuen, artilero. Gerra amaituta, 1941eko azaroaren 23an M. Dolores Garmendia goierritarrarekin ezkondu zen, eta 9 seme-alaba izan zituzten.

Luisen aitak drogeria zeukan Mirakruz kalean bertan, eta bera erretiratu zenean Luisek denda erosi eta negozioari jarraitu zion, baina gero eta gehiago pintura aldera: horrela sortu zen gaur egun ezagutzen dugun La Casa del Artista, Donostiako margolarien dendarik zaharrena eta osatuena. Luisen seme-alabak dira orain arduradun.

Bizitza pintatzen eman zuen Luisek; jaiero-jaiero goizean norabait joango zen bere traste guztiekin. Etxetik ere ez zen inoiz aterako papera eta lapitza soinean ez zituela. Joera inpresionista samarrekoa izan arren, marrazkilari trebea zen eta pintura ondo landutakoa egiten zuen.

Artista jende guztia izan zuen lagun: Antonio Valverde, Felipe Emperador, J.M. Zubillaga, Enrique Urbina, eta beste hainbat.

Txikitatik euskalduna zen, aita donostiarra eta ama itsasondoarra baitzituen, baina gaztetan ahaztu samarra ibili ondoren, gerora M. Dolores Agirrerekin hobetu eta alfabetatu zen.

Bere azken urteetan, erakusketak egin zituen Donostian, Gasteizen, eta abar. Buruko gaitz batek jota hil zen 1976ko apirilaren 6an, hirurogeita bat urte zituela.

Luis Alvarezen alargunak eta seme-alabek eman zizkidaten azalpenak eta argazkia.

 

Iturria eta argazkia: Alvarez Garmendia familiak emandakoak