Abelino Barriola antzerkigilearen alaba zen, donostiarra noski. 1907ko abenduaren 5ean jaioa, pianoa eta erizaintza ikasi zituen. Gaztetan hasi zen Ramon Labordak antolatzen zuen Poxpoliña jaietan laguntzen.
Gerra sortu zenean, familia ihesi joan zen Donibane Lohizunera. Frantses pixka bat ikasita, 1937ko uztailean Intxaustik Jatsun antolatutako udalekutan hasi zen zuzendari lanean. Laguntzaile Lupe eta Tere Urkiola izan zituen, eta kaperau Gelasio Aranburu.
Alemanak Iparraldera inguratzen hasi zirenean, baporean Venezuelara joan ziren Barriolatarrak. Aita Abelino 1944an Pauen hil zenean, Donostiara itzuli ahal izan zuen. Familiaren zapata dendan lan egin zuen, administrazioa eramaten; ikustekoak omen ziren urte zail haietan zapata dendan izaten ziren bilerak!
Euskaltzale eta kristau suharra zen aldetik, Maritxu Barriolak laguntza handia eman zuen elizako euskal liburuak argitaratzeko. 1950ean Urte guziko meza bezperak latinetik euskaratzeko lanak ordaindu zizkion Orixeri: 1953an, berak ordaindu zuen baita ere Kristoren antz-bidea edo Kempis izeneko liburua, Larrañaga apaizak euskaratua. Frantziako Tours-en inprimatu, mendiz ekarri eta Valentzian enkoadernatuak! Baita ere, Xabiertxo berrargitaratu zuen, Lopez Mendizabali baimena eskatuta.
Euskal udalekuen aitzindari izan zen Barriola, Goia hernaniarrarekin batera, 1965ean Arabako Barrian zegoen klausurako komentuan. Hortik sortu ziren gaur egun han eta hemen antolatzen diren udaleku guztiak.
Oso emakume alai eta independentea zen, eta bakarrik bizi izan zen beti. Udalekuez gain, kristau mugimenduan oso sartua egon zen. Besteak beste, euskal preso sozialei laguntzeko zerrendak egiten zituzten herriz herri, Iñaki Azpiazu eta beste tartean zirelarik, eta herriko parrokoen bitartez laguntza espetxetara bidaltzen.
Apendizitisak jota hil zen Donostian 1988ko irailaren 17an, laurogei urte zituela. Zordun gelditzen naiz Koro Barriola, Maritxuren ahizparekin, azalpen hauek eta argazkia eman baitzizkidan berriketaldi atsegin eta gozo batean.
Iturria: Koro Barriola. Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia