Paco Yoldi

(1909-1985)

Berrogei urte inguruko donostiarrik ez da izango, igeri jakitekotan, Yoldirekin ikasi ez zuenik. Hasi galdezka: denak ikasi zuten «Pacoren baltsan».

Nafarra zen sortzez, Deierrin jaioan 1909. urtean. Bizitza osoa, ordea, Donostian eta igeri munduan egin zuen.

Bere lehen eskolak Donostiako moilan hasi zituen 1940an, Fortuna kirol elkartearen barruan, eta handik piska batera, udan Nautikoan ere hasi zen igeri irakasten.

Berehala, 1943an bere lehen baltsa egin zuen: orduan ez zegoen gaurko igerileku estalirik, eta nolabait moldatu behar. Burdinaz eta egurrez, halako perimetro bat egin, Hondarretako parean uretan jarri, eta egina zegoen igerilekua! Udan bakarrik, noski. Piskana-piskana, lehen baltsa hura hobetu eta handitu zuen, eta 1951n bost kaleko baltsa handia egin zuen (15 bider 7 metro zituen!). Pasai Donibanen egin zuen, Luis Carrascoso eta Antton Lealen laguntzaz.

Udan etengabe egiten zuen lan Paco Yoldik, gazte nahiz helduei igeri erakusten; hondartzatik joan-etorriak egiteko, boteroa zeukan. Handik atera ziren donostiar igerilarien lehen belaunaldiak: emakumetan, Carmen Bustos, Satur, Seminario, Carmen Hernandez, Bruguera, Feli Garcia, Amaia Apeto, eta beste hainbat; gizonetan, Bakeriza, Aranguena, San Sebastian anaiak, Momilo, Carrascoso, Leal, Larrandia,Lafon, Aristegi, Tazon, Etxaniztarrak, eta beste hamaika. Horietako bati, Juanjo Igeari, zor dizkiogu azalpen hauek; erretiroa hartu arte, Igea Anoetako igerilekuko zuzendaria izan zen, eta igerilekuak Paco Yoldi dauka izena... Katea ez da eten!

Paco Yoldi izaera biziko gizona omen zen, oso berekoia igerilariekin. Diziplina zorrotza jartzen zien, errieta latzak eman ere bai, baina azkenerako oso gizona ona zen. Hala ere, denak de usted hitz egiten omen zioten...

Pacoren baltsak urte asko iraun zuen; baina beti udako sasoia luzatu egin nahi, eta 1977an iraileko itsaso biziak eraman eta Loretopeko haitzetan txikitu zuen. Puska bat oraindik orain hondarpean azaldu zen, Perlako etxea berritzeko lanetan ari zirela, 1992an.

Sari asko eman zioten Yoldiri bere bizitzan: 1971n Espainiako Igeri Federazioko urrezko domina; 1975ean, Gipuzkoakoa; 1978an Udalak hiriko zilarrezko domina eman zion...

Igeri mundutik erabat erretiratuta hil zen Donostian, 1985ean.

 

Argazkia: Pensión del Puerto

Pacoren Balsa, Ondarreta hondartzan