Aingeru Irigarai Irigarai

(1899-1983)

Nafarra zen bete-betean Irigarai, baina Donostiari lotuta egin zituen urte anitz; beraz, donostiarra ere bazen. Berako Altzate auzoan jaio zen, 1899ko martxoaren 1ean. Aita, Fermin Irigarai Goizueta Larreko mediku eta idazlea zuen; ama, Felisa Irigarai Apat; biak auriztarrak.

Garai haietan, sendakinak herririk herri ibili behar izaten zirenez, haurretan familia Baztango Iruritara joanik, bere lehen ikasketak herriko eskolan eta Lekarotzeko ikastetxean egin zituen. Han hasi zitzaion ernetzen euskaltzaletasuna.

Laster, 1915ean Iruñera aldatu zen familia. Udazkenean, Irigarai gaztea Zaragozara abiatu zen medikuntza ikastera; bi urte bertan eginik, ikasketak Bartzelonan jarraitu zituen. Ez zen orduan euskal girorik falta Bartzelonara joandako ikasleen artean. Urte haietan hasiko da Irigarai lapurtar klasikoak irakurtzen: horrek aztarna sakona utziko dio betiko. Zaragozara itzuli behar izan zuen 1921ean ikasketak amaitzera, soldadu deitu zuten arte.

Doktoradutzako praktikaldia Basurtoko Erietxean egin zuen 1922-1923 urteetan. Denbora labur batez, Arratiako Diman egon zen, bertako medikuaren ordezkoak betetzen; han hartu zuen bizkaierarako zaletasuna.

Espezializazio ikasketak Frantzian eta Alemanian eginik, Iruñera itzuli eta 1924an udal sorostetxeko mediku lanpostua bereganatu zuen lehian; kontsulta pribatua ere ireki zuen, aitarekin batera lan egiteko. Mediku lanak zabaltzearekin batera, 1932an ELA-STVn sartu zen, eta bolondres aritu zen bertako sendagile lanetan.

Medikuntza ez zen, ordea, bere zaletasun bakarra. Euskal kulturan oso sartua zegoen Irigarai: Iruñeko  Euskeraren Adiskideak elkartean eta Eusko Ikaskuntzan; euskal aldizkari gehienetan idazten zuen (RIEV, Gure Herria, Yakintza...). 1927an J. Urkixo eta G. Lacombe euskaltzale handiekin batera, Holandako Hagara bidali zuten Eusko Ikaskuntzaren izenean nazioarteko biltzar batera. Orduan hasi zen Irigarai hizkuntzaren geografiari buruzko lehen ikerlanak egiten herririk herri. 1929an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Urte haietan askotan etortzen zen Donostiara; besteak beste, bere emaztea izango zena bertan ezagutu zuen: Rosa Mª Imaz Aranguren donostiarra. 1934ko irailaren 19an ezkondu ziren Lezon, eta Iruñean jarri ziren bizi izatera. Hiru seme eta alaba bat izan zuten; horietako batek, Jose Angel, Bagerakide lagunari zor dizkiogu xehetasun hauek guztiak eta gurasoen argazkia.

Ezkon zoriona berehala mingostu zien Irigaraitarrei gerra zibilak. Iruñeko giro arrotzean, euskaltzaleen etsaiak nagusi ziren. 1937an Iruñeko Udalak mediku kargutik bota zuen, arrazoi politikoengatik. Gerra amaituta, Iruñetik aldentzea beste biderik ez zuen izan Irigaraik. Horrela, 1942an Hondarribiko mediku lanpostua lortu zuen; berehala, familia eta guzti Donostiara etorri zen.

R.M. Azkueren itzalpean Euskaltzaindia berpizten hasi zenean, 1941ean euskaltzain oso izendatu zuten Irigarai nafarra. Berriro ere, buru-belarri sartu zen euskal lanetan; Euskera, RSVAPeko boletinean, eta abarretan argitaratu zituen bere idazkiak.

1952an alargundurik eta Hondarribiko mediku lana alde batera utzirik, Donostian ariko da bere lana eta bizitza egiten, 1962an Nafarroako Diputazioak gerran kanporatutako langileak ostera onartu zituen arte. Ordutik aurrera, eta lanetik erabat erretiratu arte 1969an, erdi banatan bizi izan zen Donostian eta Iruñean.

Euskararen ikerkuntzan ezin konta halako lanak egin zituen Irigaraik; ez genuke lekurik aski, urririk ere, argitaratu eta egindako lan guztiak labur zerrendatzeko. Esan dezagun, ordea, altxor ikaragarria bildu zuela Nafarroan euskararen atzerapausoen lekukotasunez. Euskal soziolinguistikaren aitzindari izan zen, dudarik gabe, Sanchez Carrionekin batera; halakoetan, askotan Apat Etxebarne izengoitia erabili izan zuen. Lanik onenak Geografía histórica de la lengua vasca liburu zoragarrian daude bildurik. Irakurri gabeko euskaltzalerik badago, gomendio bat: utzi dena, eta korri liburutegira Irigarairen liburua irakurtzera!

1982ko irailean garuneko zain istripua gertatu zitzaion bat-batean. Makalduta gelditu arren, bere eginkizunetan jarraitu zuen 1983ko azaroaren 28an, laurogeita lau urte zituela, Donostian hil zen arte. Iruñean ehortzi zuten, eta hilobian hau irakur daiteke: Au da Irigaraitarren ilobia, Yainkoa baitan beude. 1934garren urtea. Oroit iltzeaz zuhur baduzu.

 

Argazkia: Lingua Navarrorum - Blogariak.net