Maria Dolores Goya Mendiola

(1913-1986)

Euskal irakaskuntzaren historian zati garrantzitsua osatu zuen Donostian Maria Dolores Goya andereñoak. Elbira Zipitriarekin batera, ikastolen eta euskal eskolen zutaberik garrantzitsuena izan zen.

Donostian jaioa zen 1913ko otsailaren 19an. Gazterik, hemeretzi urte besterik ez zituela lortu zuen irakasle titulua, 1932an. Berehala, EAJren Eusko-Etxean (Etxaide kalean) hasi zen lanean, eta gero Groseko auzoan, Usandizaga kalean. Diputazioaren auzo eskola (Escuelas de Barriada) izeneko euskal eskola publikoetan sartzeko azterketa gainditu ez zuelarik, 1936. urte hasieran Estatuko maistra izateko oposiziotan hasi zen; azterketak amaitu aurretik, ordea, hartu zuten Donostia Francoren aldeko militarrek. Bilbora joan zen orduan M. Dolores Goya, eta Plentziko eskola publikora bidali zuten lanera frankisten bonbardaketak hasi arte.

Bere ikasle eta guzti, La Habana itsasontzian abiatu zen Britainia Handiko Wight uhartera; zazpi hilabete egin zituen bertan. Handik, Frantziara, eta gerra bukatu zenean, 1940an itzuli zen Donostiara.

Ez zen denbora luzean geldirik egon: ederki kostata, 1941ean baimen guztiak eskuratu zituen Ergobian eskola berria zabaltzeko; erdarazko eskola unitario horietakoa zen noski, baina isilka Goyak eskolak erdi bana ematen zituen, gazteleraz eta euskaraz. Bi urte beranduago, 1943an eskola hura itxi egin zen, eta puska baterako Goyak utzi egin zuen irakaskuntza.

Ez luzarorako ordea: 1951n Carquizano kaleko ikastola sortu zuen, Elixabete Maiztegi andereñoaren laguntzaz. Ikastola horrek izenik ere ez zeukan, guztiz isilpekoa baitzen; Carquizanoko ikastola, Groseko ikastola edo Goyatarren ikastola esaten zioten. Jakina, bere etxean zegoen ikastola, kale horretako 8. atarian. Hamasei bat metro karratuko logela prestatu, eta hantxe hasi zen 10 ikaslerekin, denak 9 urtez beherakoak. 1964an bere alaba Miren Egañak magisteritza bukatu zuenez, amari laguntzen hasi zitzaion aldameneko gelan; Miren Egañari zor dizkiogu, hain zuzen, azalpen hauek eta aldameneko argazkia.

Hurrengo urtean, 1965ean etxe azpian behegaina alokairuan eskaini zien ikastolako guraso izandako batek, eta hara aldatu zen ikastola; berriro ere, bi gela txiki. Pixkanaka, aldameneko lokala ere hartu zuten, eta horrela jarraitu zuten 1968an hezkuntza lege berriaren arabera ikastola legeztatu beharra etorri zen arte. Orduan, Jose Maria Mujika San Inazioko parrokoak lagundu zien, eta Elizaren babesean Colegio Parroquial Iñigo de Loyola izenaz legeztatu zen 1970ean.

Dirubide bakarra gurasoek ordaindutako hilerokoa zuten. Hasieran, 20 pezeta hilean, gero bost duro; 1975ean, 500 pezeta. Laguntzak eskatu bai, eskatzen zizkioten aurrezki kutxari eta, baina sekula jasotzen ez. Kontraturik edo aseguru sozialik ez zuten izan ikastola legalizatu zen arte.

Hasieran Fermin Iturriozen Txomin ikasle eta Maritxu Barriolaren Xabiertxo zituzten ikasliburu bakarrak. Durangoko liburu azokara joan, eta handik Julene Azpeitiaren Umien adizkidia ere eskuratu zuen M. Dolores Goyak; bizkaieraz zegoen idatzia, eta umeak zelebre samar ibili omen ziren Begoñako Ama neskutza Bizkaiaren zaindarija bezalakoak gipuzkerazko jota garratzez irakurtzen... Geroago, Bernardo Estornes Lasaren Sabin euskalduna irakurgaia eta Fermin Iturriozen Lutelestia iru mailatan geografia liburua ere izan zituzten.

1970an gaixoturik, Maria Dolores Goyak utzi egin behar izan zuen irakaskuntza; bere alaba Miren Egañak jarraitu zuen 1975era arte, baina urte hartan ikastola ixtea erabaki zuten, ikasleei Donostiako beste ikastoletan lekua bilatu ondoren.

Donostian hil zen Goya andereñoa, 1986ko abuztuaren 29an, hirurogeita hamahiru urte zituela.

 

Iturria: Xabier Aranburu, Miren Egañarekin egindako elkarrizketa; Eusko Ikaskuntza, Hezkuntzako sail koadernoa 3

Argazkia: Miren Egañak utzitakoa

 

Argazki oina:

Maria Dolores Goya, Ergobian 1941ean, bere ikasleez inguratuta