Barojatar inprentalarien leinukoa izan zen Joaquin Maria Florentino. Aitona Ignacio Ramon Baroja izan zuen; gurasoak, Josefa eta Canuto.
Donostian jaio zen noski 1870eko martxoaren 14an, eta gazterik hasi zen Konstituzio plazan bere familiak zeukan inprentan lanean. Alargundurik, ama Josefa Baroja zen ordurako inprentako buru.
Ama 1912an hil zenean, berak hartu zuen inprentaren kargu, hasieran anaiekin batera, gero bakarka, eta horretan jarraitu zuen hil arte. Abizena gal ez zedin, behar ziren gestioak egin zituen epaitegian bere bi deiturak elkartzeko, eta hortik aurrera bere oinordekoak Muñoz-Baroja izan dira gaur arte.
Juana Alvarez donostiarrarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten. Ezkontzako eguna erabakitzeko apaizarekin konforme jartzen ez eta, haserre, goizeko 6etan ezkondu ziren, Karmengo Amaren egun batean.
Ohitura zorrotz eta zuzeneko gizona izan behar zuen, oso elizkoia. Bi tertuliatan ere parte izaten zen: Cecilia Arrizabalaga andreak Getaria kaleko bere etxean egiten zuena bata, eta bestea Narrika kaleko Telleriaren botikan izaten zena (Luxu, Raimundo Sarriegi, eta abarrekin).
Bere beste zaletasun bat musika izan zen. 1896ko ekainean Arrasateko euskal jaietara 20 laguneko abesbatza (Norberto Luzuriaga buru zelarik) bidaltzeko prestakizunetan ari izan zen. Handik sortuko zen Donostiako Orfeioa, 1879ko urtarrilaren 20an, lehendakari Muñoz-Baroja bera zelarik.
Beti aldarte oneko eta osasuneko, 1966ko uztailaren 10ean hil zen Legazpi kaleko bere etxean, laurogeita hamasei urte zituelarik.
Koro Muñoz-Barojari eta bere familiakoei zor dizkiet azalpenak eta argazkia.
Iturria: Muñoz-Barojatarrek emandakoa. Argazkia: KUTXA Fototeka