Kale Nagusian jaio zen 1906ko irailaren 24an. Gurasoak, Felipe eta Dolores izan zituen, biak donostiarrak. Matematika ikasi ondoren, lanbidez arkitekto teknikoa izan zen, eta zaletasunez margolari eta euskaltzale.
1946an Axentxi Goenaga Arteaga donostiarrarekin ezkondu zen.
Gazterik hasi zen pintatzen, 1920ko hamarkadan gori-gorian zegoen arte giroak eraginda; Artistas Noveles izeneko lehiaketan 1923tik 1931ra bitartean parte izan zen maiz, baita sariak irabazi ere. Handik aurrera, ez zion sekula pintatzeari utzi, eta bere lan profesionaletatik erretiratu ondoren, 1984an, bakarkako erakusketa egin zuen Donostian. Arte kritikariek nahiz artistek biziki goraipatu izan dute haren lana.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1973ko maiatzaren 25ean; hiztegigintzari loturik egon zen erakunde horretan. Horrela, 1975ean Zortzi urte arteko ikastola hiztegia lanen parte hartu zuen, X. Garmendia, A. Irigarai, K. Santamaria eta M.P. Lasarterekin batera. Geroztik, matematikako hiztegian eta, batez ere, arkitekturako hiztegian aritu zen buru-belarri lanean; hor landu ziren geroago etorriko ziren hiztegien oinarriak.
Euskal irakaskuntza izan zen Zumalaberen beste alor nagusia. Karlos Santamariak dioenez, Santo Tomas Lizeoa sortu eta bere diruz sustengatu zuen Zumalabek urte luzetan: dirua jarri, dirua bildu, klaseak eman, ikasle-irakasleak bilatu, traba burokratikoak gainditu, denetarik egin zuen. Lankide izan zituen J.M. Lasarte, K. Mitxelena eta Karlos Santamaria bera.
Baita ere, gerra ondoren Zeruko Argia aldizkaria 1963an berrargitaratu eta finkatzen asko lagundu zuen, Joseba Salegirekin batera.
UZEI sortu zenean 1977an, eta bi urtez antolaketa lanetan aritu ondoren, 1979ko maiatzaren 25ean Zumalabe izendatu zuten lehendabiziko lehendakari, eta hala iraun zuen 1983ko maiatzaren 27ra arte.
Ezagutu zutenen iritziz, gizon zorrotz eta zuzena izan zen lanean eta bere bizitzan ere bai; fede handikoa eta etxekoia. Donostian hil zen 1992ko otsailaren 12an.
Haren alaba Koro, Bagerakideari zor diot argibide hauek bilatzen lagundu eta argazkia eman izana.
Iturria: J.M. Lekuona in Euskera XXXVII, 1075-1078 or.
Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia