Jose Maria Lojendio Irure

(1910-1979)

Euskaltzale, idazle eta legegizon hau Donostian sortu zen 1910eko urriaren 18an. Zuzenbide ikasketak Madrilgo eta Pariseko unibertsitateetan egin zituelarik, Donostiako Adingabekoen Auzitegiko buru izatera heldu zen.

Lojendio oso erlijiozale eta integrista izan zen pentsaeraz. Bigarren Errepublikako garaian, alderdi eskuindar eta katolikoen bileretan bera izan ohi zen euskal hizlaria. San Luis Euskal Idazleen Elkarteko sortzaileetako bat izan zen baita ere. Bere anaia Juan Pablo, bera baino zaharragoa, politikari eta diplomatiko ezaguna izan zen; bera bezala, eskuindar eta abertzaleen aurkako porrokatua.

Euskaltzaindiko hirugarren lehendakaria izan zen frankismoaren urterik latzenetan, 1964tik 1966ra bitartean. Ziur asko, Lojendio Francoren erregimenean ondo ikusia egotea izango zen bera garai haietan euskaltzainburu hautatzeko arrazoietako bat... Euskaltzaindiari behintzat horrek asko lagundu zion bolada beltz haietan zutik irauten.

Artikulu asko eta asko argitaratu zituen Lojendiok Junior, Gure Mutillak, Zeruko Argia, El Pueblo Vasco, Euskera, Egan eta Arantzazu aldizkarietan, euskal kulturaz eta zuzenbideaz.

Bere lanik gehienak erdaraz argitaratu zituen, zuzenbide eta historia alorreko gaiez: Naturaleza jurídica de la unión de Guipúzcoa y Castilla, Modificaciones del Código Civil y de la Ley de Enjuiciamiento Civil, según Leyes de 24 de abril de 1956, eta Agustín de Iturbe y Aramburu, primer emperador de Méjico.

Euskal gaietan, bere libururik garrantzitsuenak dira Mogel eta Lengua y literatura vascas (1956).

Donostian hil zen Jose Maria Lojendio, 1979ko Inuzente egunean, hirurogeita bederatzi urte beteak zituela.

Argazkia eta iturria: EGIPV, Hizt. XXV, 307 or.