Ramon Antonio Artola Larrañaga

(1831-1906)

Tolosarra zen Ramon Artola; bertan jaio zen 1831ko abuztuaren 31n. Ama, Maria Antonia Larrañaga Ganuza, tolosarra zuen; Antonio Artola Etxeberria aita, berriz, Astigarragakoa. Jatorriz, beraz, Artolatarrak ez ziren Donostiatik oso apartekoak.

Bera baino lehenago izen bereko Ramon anaia jaio zen, 1826ko abenduaren 8an, baina jaio orduko hil omen zen. Garai hartako ohiturari jarraituta, hurrengo semeari izen bera jarri zioten. Bost senidetan (anai-arrebak: Francisco, Manuel Maria, Maria Dolores eta Justina Magdalena) gazteena zen bera.

Gaztetan Donostiara etorri zen bizi izatera. 1858ko azaroaren 23an, hogeita zazpi urte zituelarik beraz, Manuela Elizetxea Altzelai lezotarrarekin ezkondu zen. Argazkian ageri diren Rosario eta Peperen aita zen.

Bigarren karlistaldian liberalekin ibili zen bolondres, karlistek Donostia inguraturik eduki zutenean, Bilintx, Serafin Baroja eta beste hainbat bezala.

Ogibidez iturgina zen; baita ere, etxeak margotzen, altzari zaharrak konpontzen eta halako lanetan ari izaten zen. Lantegia Puyuelo kalean zeukan, gaurko Fermin Calbetonen alegia.

 

Bere lehen poemak Manterolaren Cancionero Vasco obran eta Euskal-Erria aldizkarian argitaratu ziren. Auspoa saileko lehen alea Ramon Artolari eskainia da, Sagardoaren graziya ta beste bertso asko izenaz. Dena dela, liburu horretan bere lanaren zati txiki bat besterik ez zuten jaso. Izan ere, poema asko eta asko idatzi zuen. Geroztik, Sendoa argitaletxeak kaleratu zituen Artolaren lan osoak bi liburu marduletan. Bertsolarien molde zaharretan, estilo bizi eta gozoa du bere bertsoetan.

Sari asko irabazi zuen Ramon Artolak bere poemekin, besteak beste 1884an Itziarren egin ziren lore-jokoetan.

Donostian hil zen 1906ko abuztuaren 20an, hirurogeita hamabost urte bete baino hamaika egun lehenago.

 

Argazkia: Euskonews