Jaiotzez azpeitiarra zen Canuto Muñoz, baina bihotzez donostiarra goitik behera. Harrigarria bada ere, Manuel Maria Muñoz aita Liman (Peru) sortua zuen; Urola aldeko jaioterria utzi, nonbait, eta Hego Amerikara joandako gurasoen seme izan behar zuen. Manuela Agote amaren partetik, berriz, getariarra zuen familia. Berak lotura hori gorde egin zuen, eta zerikusirik izan zuen Elkanok Getarian duen oroitarriarekin.
Oso gizon ikasia eta euskaltzale sutsua izan zen. Urte luzetan, Udal Institutuko zuzendari izan zen, eta Hezkuntza Batzorde probintzialeko kide. Bere bizitzaren azken urteetan, berriz, Santo Tomas Akinoko ikastetxeko irakasle izan zen.
Josefa Barojarekin ezkondu zen, eta hark 1879an inprimategiaren kargu hartu zuenean, Canutoren laguntza eskerga izan zuen lan horretan. Inprenta gotik behera berritu, eta inoiz halako biderik utzi ez bazuen ere, handik aurrera sekula baino joera euskaltzaleagoa hartuko du Barojatarren etxeak.
Jose Manterolaren lagun mina izan zen. Urte pare bat lehenago, 1877ko Santo Tomas egunean Manterola eta Canuto Muñoz hasi ziren lehenengo aldiz euskal festa antolatzen Donostian. Barojatarren inprimategiak, atzealdean, Ikatz kalera ematen zuen. Hantxe antolatu zuten, balkoi batetik bestera, lehen bertsolari saioa; berehala, ohitura sortu eta handik jaioko ziren Donostiako euskal festak eta lore-jokoak.
Manterolak Euskal-Erria aldizkaria 1880an sortu zuenean Muñozen laguntza handia izan zuen.
Etengabeko ekintzetan aritu izan zen beti Canuto Muñoz euskara eta euskal kulturaren alde. Donostian hil zen, 1885eko maiatzaren 11n, gaitz luze baten ondoren, berrogeita bederatzi urte zituelarik.
Argazkia: fpev.es