Estornestarren arteko hau, 1913ko apirilaren 17an jaio zen Isaban, Nafarroako Erronkarin. Bere idazlan batzuetan «I. de Obanos» goitizena erabili izan zuen.
Gerra zibila etorri arte, merkataritza ikasketak egin zituen Zaragozan. Gerran gudarien komandante izan zen, Loiola eta Simon Bolivar guda taldeetan. Santoñan preso harturik, preso trukean utzi zuten libre 1938ko urtarrilaren 21ean. Handik Kataluniara joan zen, Ebroko Armadako XII gudarostera. Gerra amaituta, Frantziara ihes egin zuen, eta handik Venezuelara 1940an. Bertan bizi izan zen hogeita hiru urtez, eta ezkondu Luz Miangolarra Gorostiaga gernikarrarekin.
Buenos Airesen, 1948an bere lehen liburua argitaratu zuen: La Real Compañía Guipuzcoana de Navegación de Caracas.
Venezuelatik hasi zen bere euskal idatziak argitaratzen 1960tik aurrera, Zeruko Argian eta Príncipe de Viana-ko euskal orrian.
Urte hartan bertan Donostian argitaratu zuen bere lanik ezagunena: Cómo aprender el euskera fácilmente. Koldo Mitxelenaren iritziz, ondo egindako eta hobeki argitaratutako liburua da hori. Berehala saldu ziren ale guztiak, eta 1964rako bigarren edizioa egin behar izan zuten.
Aurrez, 1962an Caracaseko Unibertsitatean administrazioko ikasketak amaitu zituen, eta katedra lortu zuen Santa Mariako Unibertsitatean.
Euskal Herrira itzulirik 1963an, Donostian jarri zen bizi izatera; bertan jarraituko zuen hil artean.
Lan asko egina eta ekintza askotan parte hartu izana zen Jose Estornes: Iruñeko Herriaren Adiskideetako eta Euskal Kulturaren Batzarreko lehendakari, Euskaltzaindiko kide, Euskal Herrian Amnesty International erakundea sortu zuenetako bat, eta ororen gainetik Euzko Alderdi Jeltzaleko kide izan zen, Napar Buru Batzarreko burukide.
Liburu eta artikuluetan gai asko landu zuen, aipatuak ditugunaz gain: Método elemental de vasco (1961); Los vascos y la universidad (1970); Nuestro Pirineo y la defensa de la naturaleza (1973); Derecho Foral Penal de Euskalerria (1978), eta abar. Guztien artean, ale zoragarri bat: Erronkari’ko Uskara (1961). Bera erronkariarra izanik, bertako euskara zaharraren adibideak bildu zizkien Mariano Mendigatxa eta orduan oraindik bizirik gelditzen ziren erronkariar euskaldun bakanei. Eskaintzak honela dio: Simona Anaut eta Erronkári'ko Irietan Uskáraren árima sálbatu deinér eta oraino uskaraz ele-erraitan dein gizon-emazte guzuer eskeintan dabéi libro kau gogo onez.
Bere gerra garaiko oroitzapenak Un gudari navarro en los frentes de Euzkadi, Asturias y Cataluña liburuan (1979) utzi zituen. Donostian hil zen Jose Estornes 1987an.
Argazkia: EGIPV, Hizt. IX, 610 or.