Joaquin Jamar Domenech

(1837-1887)

Nafarra baldin bazen sortzez, bere bizitzaren zatirik handiena Donostian egin zuen; berak, behintzat, errikosemetzat zeukan bere burua.

Nagoren (Nafarroa) jaio zen 1837ko azaroaren 29an. Familia dirubide ugarikoa ez izan arren, ikasketak egitea lortu zuen gaztetan, Iruñeko apaizgaitegian. Iruñean hasi zen burdin saltzaile lanetan. 1845ean mehagintza enpresa baten izenean Ciudad Real-era joateko aukera sortu zitzaion, baina bi urte besterik ezin izan zuen egin han, suka izurriak kutsaturik itzuli behar izan baitzuen Euskal Herrira. Gaitz horrek ez zion bizitza osoan utziko, eta azkenerako hilobira eramango zuen.

1856an Donostiara etorri zen, bertatik Fausto Etxeberria zur eta burdin inportatzaileak berarentzat lan egitea eskaini baitzion. Bertan jardun zuen lanean hamabost urtez, 1871. urtera arte.

1862ko martxoaren 30ean Paulina Leclercq donostiarrarekin ezkondu zelarik, Jamar erabat errotu zen Donostian.

1871n upelgintza sozietate bat sortu zuen, lantegi bat Atotxan eta beste bat Morceux-n (Landak, Frantzia) izan zituena. Hiri horretan bizi izan zen hiru urtez, bertako lantegia zuzentzen. Euskal Herria bigarren karlistaldiaren gordinean murgildurik zegoen, ordea, eta lantegiak itxi egin behar izan zituen, bere dirutza guztiak bertan galdurik.

Donostiara itzuli, eta 1880an Pasaiako Portua Sustatzeko Sozietateko idazkari edo kudeatzaile izendatu zuten. Esan daiteke Pasaiako portuaren aro modernoa Jamar-en emaitza dela; portuari bizitza izugarria ematea lortu zuen. Bere trebetasunari zor zaio Pariseko Isaac Pereire-ren banketxe handiak portua zabaltzeko behar zen dirubidea jartzea. Horrela egin ahal izan ziren beharrezko obra guztiak, Pasaiako portua nazioarteko merkataritzaren betekizunetara egokitzeko.

Artikulu eta liburu asko idatzi zituen, beti erdaraz; merkataritzaz gain, soziologia eta estatistika ere landu zituen Jamar-ek: El ferrocarril de los Alduides (1864); Intereses materiales de Guipúzcoa (1865); Lo que es el fuero y lo que se deriva del fuero (1869); eta Datos concretos para un tratado de comercio con Inglaterra (1870). Euskal eskubide zaharren alde, nabarmentzekoak dira La Voz de Guipúzcoan argitaratutako artikulu saila, El Regionalismo y la cuestión bascongada izenburupean.

Bestalde, Mari itsasgizonaren omenez kaian dagoen oroitarria jartzeko ahaleginetan saiatu zen, eta haren biografia argitaratu zuen Euskal-Erria aldizkarian.

Egiptoko enperadoreak gonbidaturik, lehen itsasontziak Suezeko kanala zeharkatzeko ekintzetan izan zen Jamar.

Bere azken egunetan politikara itzuli behar izan zuen, halabeharrez. 1886an Diputaziorako hauteskundeetan, eta bere gaixotasunak sendatzera joanda Cauterets-eko bainuetan deus jakin gabe zegoela, diputatu hautatu zuten Donostiako barrutian. Berehala hartu behar izan zituen Jamar-ek berak uste baino ardura handiagoak: euskal foruak 1876ako uztailaren 21ean kendu zituen legearen ondorioz, euskal erakundeen egoera negoziatu beharra zegoen Madrilgo gobernuarekin, eta Jamar batzordekide izendatu zuen Gipuzkoako Aldundiak.

Diputazio guztiak Bilbon biltzea erabaki zuten, negoziaketa haietara eraman beharreko jarrera eztabaidatzeko. 1887 urtarrilaren 8an, berriz, Madrilera jo zuen euskal ordezkaritzak, Jamar bera barne zelarik. Osasunak, ordea, ez zion askorik laguntzen, eta egun haietan egindako lan astunen eraginez okerrera egin zuen bere gaitzak. Urtarrilaren 20an Donostiara itzuli zen, Diputazioari eta udalei Madrilgo gobernuak egindako proposamenen berri ematera. Oso egoera txarrean heldu zen, ordea, Donostiara urtarrilaren 21eko goizaldean. Tren geltokitik etxera eraman zuten zuzenean, hiltzorian baitzetorren. Mayora eta Atxa sendagileen ahalegina alferrik izan zen, eta hurrengo egunean, 1887ko urtarrilaren 22an, hil zen.

 

Erretratua: Euskal-Erria, 1887, I, 104 or.