Luis Leizaola Ibarburu

(1901-1989)

Donostian jaio zen 1901eko abuztuaren 22an; gurasoak Francisco eta Valentina izan zituen. Ikasketak Ategorrietako fraile bernardotarretan, San Inazioko kolegioan eta Eibarko Armeriako Eskola sortu berrian egin zituen. 1924an bere lehengusu batekin Alemaniara joan zen ingeniaritza ikastera.

Handik itzuli zenean, Migel Urretarekin batera etxerako irratiak egiteko lantegia jarri zuen (Radiomax Urreta & Leizaola). Garai hartan, baita ere, bere lehengusu Rikardo Leizaolarekin batera Argia astekaria  inprimatzeko makinak egin eta konpondu ohi zituen. Aldian behin, artikuluren bat edo beste argitaratu izan zuen bertan, gai teknikoen inguruan.

Geroago, bere lantegia jarri zuen inprimategietako makinaria fabrikatzeko; batez ere egunkarietako errotatibak egiten zituzten. 1935eko urriaren 12an Micaela Calvorekin ezkondu zen, Lezoko Santo Kristoko basilikan.

Gerrak Iparraldean harrapatu zuen, familiak han etxea baitzeukan. Lehendabizi Baionan hasi zen lanean, baina berehala Parisera joan zen arma lantegi batera ingeniari lanetara. Han, diesel motorrerako balbula berria diseinatu zuen, baita abiadura proba bat irabazi ere. Alemanek Paris hartu zutenean, arma fabrika itxi eta Landetara bidali zituzten. Handik, Angelura eta 1943an Donostiara itzuli zen.

Ez zuen egoera gozoa aurkitu: bere lantegiko makinak eta material guztia errekisatua zioten frankistek, eta deus ere gabe gelditu zen; hutsetik hasi behar berriro! Laster antolatu zuen ostera bere lantegia. Oraingoan, errotatibak eta inprimategiko makinak fabrikatzeaz gain, egunkarietako linotipietarako letra moldeak egiten hasi zen, berak diseinatuta. Inguruko izenak jartzen zizkien beti: Aia, Orio, Monpas, Ulia... Urte haietan, Donostian kaleratzen ziren egunkari guztien errotatibak zaindu eta konpondu zituen (La Voz de España, Unidad eta El Diario Vasco).

Lantegitik erretiratuta, 70ko hamarkadaren hasieran, eragin bikoitzeko diesel motor batean aritu zen buru-belarri lanean; Genebako Nazioarteko Azokan aurkeztu eta bigarren saria eman zioten.

Donostian hil zen 1989ko otsailaren 22an. Fermin Leizaola, Luisen semeak, eman zizkidan azalpen hauek eta argazkia.

 

Iturria eta argazkia: Fermin Leizaola