Euskaltzale eta ikerlari hau Donostian jaio zen mundura 1860ko abenduaren 27an, nahiz bere urterik gehienak Arrasaten bizi izan zen. Bere lanak batez ere heraldika eta genealogiaren alorrean egin zituen, eta horiek erdaraz argitaratu zituen; baina euskaraz ere baditu artikulu, poema eta bestelakoak.
Hogeita hamar urte zituela eman zen ezagutzera Ama Birjiña Aranzazukoaren Kondaira izeneko lana Donostiako lore-jokoetan saritu ziotenean. Hortik aurrera, etengabe ariko zen idazten Revista Internacional de Estudios Vascos eta, batez ere, Euskal-Erriaren Alde aldizkarietan.
Heraldika eta genealogiaren alorrean, 1918an Estudios de Heráldica Vasca; 1928an Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa segun el orden de sus familias pobladoras; eta 1930an Oñacinos y Gamboinos. Rol de banderizos liburuak argitaratu zituen.
Euskararen alorrean, berriz, bere lanik garrantzitsuenak dira: Gure olerkari zar-zarrak, 1922an eman zuen hitzaldia (Euskal-Esnalea aldizkarian argitaratua bi urte beranduago); Viejos textos del idioma. Los Cantares antiguos del euskera 1924an, eta beste zenbait poema (Trueba'ren eriotza, Enrriketari, etab.).
Ezagutu zutenek idatzia utzi dutenez, euskaraz hizlari trebe, atsegin eta sotila omen zen. Iritzi politikoetan karlisten aldeko porrokatua izanik ere, bere ahotsa altxa zuen Arrasaten langileek Oreja diputatu eta enpresarioa hil zutenean.
Laurogeita bat urte beteak zituela hil zen 1941ean, Arrasateko Gerraenea bere etxean.
Argazkia: Arrasateko Udala