Donostian jaio zen Jose Manuel Agirre-Miramon. Familia oneko semeek garai hartan ohi zuten bezala, lehen ikasketak Bergarako Seminarioan egin zituen. Gero, zuzenbide ikasketak Oñatiko Unibertsitatean bukaturik, zuzenbide katedra lortu zuen Zaragozako Unibertsitatean. 1837an Castro Urdialeseko (Santander) epaile izendatu zuten, eta Euskal Herriko epaitegiak sortu bezain laster Tolosako epaile izan zen. Handik Gasteizera, eta beranduago Filipinar irletara bidali zuten, Manilako auzitegiko epaile gisa; bertan egon zen 1859ra arte.
1869an Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu zuten. Euskal foru eta lege zaharrak arrisku bizian ziren urte haietan. Euskal Herriak bere izatea babestuko bazuen, bere seme-alabarik prestuenak behar zituen bere alde lanean. Horietakoa izan zen Agirre-Miramon. 1876ko uztailaren 21ean foruak kendu baino lehen, Espainiako Senatuan foruen aldeko hitzaldi suharrak egin zituen, Sanchez Silva senadorearen hitz iraingarriei erantzunez.
Garai hartako zientzi eta zuzenbide elkarteetako kide izan zen, eta lan asko argitaratu zuen, batez ere itsasoz bestaldeko herrialdeei buruzko lege kontuetan: Aplicación de la Ley Hipotecaria y del Código Penal a las provincias de ultramar, Consejos de Administración de Ultramar, etab.
Horrez gain, Agirre-Miramon euskaltzale jator-jatorra izan zen. Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarra (lore-jokoak eta euskal festak antolatzen zituen erakundea) sortu zenean Agirre-Miramon izendatu zuten estreinako lehendakari. Izan ere, ordurako 1880an Gipuzkoako Diputazioko lehendakari baitzen.
Donostian hil zen Jose Manuel Agirre-Miramon 1887. urtean.
Argazkia: Pinterest