Bergararra zen jaiotzez, baina Donostian egin zuen bere bizitza aldirik luzeena. Familia ez zuen oso aberatsa izan behar, eta gaztetan pintore lanetan jardun zuen. Halako batean, pareta margotzen ari zela kantari, aldamenetik herriko handiki bat pasa eta harrituta gelditu omen zen hari entzunda: halako boz zoragarria izan behar zuen. Kantua eta musika ikasteko laguntza eskaini zion, baita Labordak onartu ere.
Handik aurrera, kantu ikasketan aritu izan zen buru-belarri. Berehala hasi zitzaizkion han-hemendik deika, kantari joateko. Besteak beste, Sevillara deitzen zioten urtero Aste Santuan kantatzera. Behin, errege Alfonso XIII.ak entzun, eta Madrilera gonbidatu omen zuen bere jauregira. Ospe handia hartu zuen urte gutxitan.
Mila bederatzi ehun eta hogeitaka urtetan, Milango Scala-ra deitu zuten kantatzera. Artean Laborda gaztea zen, eta hara abiatu aurretik Loiolara joan zen gogo jardunetara. Han erabaki zuen Milanera joan ordez apaiz sartzea; Gasteizen Mateo Muxika apezpikuak egin zion meza berriko hitzaldia. Apaiz izatearekin aski ez, nonbait, eta bere bihotzaldi batean beneditarretara sartzea otu zitzaion; Siloseko komentura joan zen, baina ez zuen denbora luzean iraun bertan: anaia hil zitzaion, eta Donostiara itzuli zen, familiari laguntzea.
Bertan, Labordak ikaragarriko lana egin zuen Poxpolina izeneko antolamenduan: lau mila haur eta gehiago biltzen zituen Kursaaleko azpietan kantu eta dantzak ikasten.
Gerra garaian, Parisera joan zen, eta han sekulako ahaleginak egin zituen iheslari euskaldunei laguntzen.
Handik itzulita, bere azken apaiz urteak Pasaian lehendabizi, eta Errenterian gero egin zituen. Bertan hil zen 1965eko otsailaren 9an, hirurogeita hamabi urte zituela.
Argazkian ageri den Margarita Berroetak eman zizkidan azalpen hauek eta argazkia.
Iturria: Margarita Berroeta. Argazkia: Ondare bideak