Urnietan jaio zela diote liburu gehienek, baina izatez Lasarte-Orian sortutakoa zen Migel Urreta, 1881eko uztailaren 19an. Aita Brunet lantegiko pertsonal burua zuen. Leinu luzeko familia da Urretatarrena inguru hartan; Usurbilgo elizako dorrea Urretatarren aurrekoen diruz jaso omen zen.
Ingeniari industrial ikasketak 1903an bukaturik, Lasarten bertan teila lantegia zabaldu zuen Migel Urretak, eta horretan jardun zuen gerran suntsituta gelditu zen arte.
Gazterik murgildu zen politikan, beti EAJren barruan. 1913an Donostiako zinegotzi hautatu zuten, eta bi urte beranduago Probintziako diputatu. 1918an Eusko Ikaskuntzak Oñatin izan zuen batzarrean ere lan asko egin zuen.
Gipuzkoan mugimendu euskaltzalea sortzen gehien lagundu zuenetakoa izan zen Urreta. Gerra zibilaren etena baino lehenago, oso maiz ari izan zen Euskal Herrian barrena hitzaldiak egiten. Jeltzaleen bilera eta mitinetan, Urreta izaten zen beti hizlari euskaraz. Baserritarrei laguntzen ere asko ibilia zen, oilategiak nola antolatu eta zaindu behar ziren, eta abar. Besteak beste, 1920an Edesti-aurrea. Leize-zuloak izeneko hitzaldia eman zuen Donostian. Errepublika garaian, 1934an Pasaiako portuko batzordeko kide izendatu zuten. Urte haietan Telesforo Monzonen adiskide mina izan zen; baita ere, Dionisio Azkue lagun hurkoa izan zuen. Garai luze batean El Día egunkarian zutabe bat idatzi zuen astero-astero.
Gerra piztu zenean, Urreta utzia zegoen Gipuzku Buru Batzarra; militante soila zen, baina hala ere abisu ematera etorri zitzaizkion bere izena zerrendan jarria zutela faxistek. Abisu hori Miguel Revilla falangistak eman zion, ideologiaz gain laguna baitzuen. Familiarekin Lekeitiora joan zen, lehengusu batzuen etxera, baina arriskua hurbilagotzen ari zela eta, Baionara joatea erabaki zuten. Lau urte egin zituzten han; ordurako Miguel Revilla hori Alacant-eko gobernadore zibila izendatua izan zen, eta haren babespean joan ziren Urretatarrak Alacant-era lehendabizi, eta Donostiara geroago.
Donostian hil zen Migel Urreta laurogei urte zituela, 1961eko azaroaren 29an. Eman ditugun xehetasun guztiak, baita argazkia ere, Miren eta Mikel Urreta haren seme-alabei zor dizkiegu.
Iturria eta argazkia: Urretatarrek emandakoa