Errepublika garaiko donostiar poeta ezagun eta, ziur asko, onenetakoa izan zen Zubimendi'tar Joseba. 1898ko martxoaren 12an jaio zen, mendearen amaieran beraz.
Gazterik hasi zen bere poematxoak argitaratzen han eta hemen, Euskal Esnalea, Argia eta Aurrezki Kutxaren Juventud aldizkarietan, eta Euzkadi edo El Día egunkarietan. Berehala hasi zen, baita ere, sariak jasotzen; 1929an lau eman zizkioten, bai poema bai prosa lanengatik.
Hiru urte beranduago, 1932an argitaratu zuen Olerkiak bere lehen poema liburua, J.A. Agirreren hitzaurreaz. Bigarren liburua, Zumalakarregi, poematxoak izenekoa 1935an kaleratu zuen.
Olerkigintzaz gain, itzulpenak egin zituen, besteak beste A. Etxaberen Mirentxu antzerki lana (1934). Baita ere, aldizkari eta egunkarietan artikulu asko idatzi zituen; aipagarrienak dira: «Lenengo bertsolari eguna» (Yakintza 1935) eta bertsolarien lehen kongresuaz egindako kronika (Eusko-Deya, Paris 1936). Bestalde, Donostiako El Pueblo Vasco egunkariak igandero ateratzen zuen euskal saileko arduradun izan zen, eta Donostiako Orfeoian tenore bakarlaria; baita ere, Eusko-Abesbatza sortzen lagundu zuen.
Beste hainbatek bezala, Francoren gudarosteak Donostia hartu zuenean ihes egin behar izan zuen. Lapurdiko Kanbon hil zen 1939ko irailaren 29an, berrogeita bat urte zituela.
Argazkia: EGIPV, Lit. III, 220 or.