Brokolo

Brokolo

Nor ote da Brokolo hori? Orain dela ehun bat urte Donostian ez zuen inork halakorik galdetuko. Nork ez ote zuen Brokolo ezagutuko! Denetako lanak egin zituen bere bizitzan: harakin, burnibideko langile, margolari, arrantzale, musikari eta militar.

Txikitan eskuineko begia galdua zuen; txerria hiltzen ari zen harakinak bere haizto luzearekin kendu zion nahigabe, inguruko umeak uxatzera joanda. Hala ere, gazte-gazterik harakin lanetan hasi zen bera. Beti ibiltzen zen txantxetan: — Gaur diat amaren matantza; bigar arrebarena..., batentzat ala bestearentzat haragia prestatu behar zuela esateko.

Margolari lanetan ospe handiak irabazi zituen. Behin hondartzako eskailera margotzen hasi zen; hiru hilabete beranduago, ez zuen oraindik bukatu, kintal t’erdi pintura gastatu eta gero!

Bigarren karlistaldian liberalen alde ibili zen borrokan. Ez zioten noski bere ausardiagatik dominarik eman, baina izan zuen gorabeherarik Remington fusila garbitzen hasi, eta sukaldeko arraskaren kontra igurtzi-igurtzi eginda utzi zuenean, musika bandako flauta baino meheago. Karlisten gaiztakerien aurka ozenki mintzatzen zen Brokolo. Behin, espioitzan ari izandako emakume bati nolako zigorra eman zioten ari zen kontatzen; hogei makilakada eman omen zizkioten alajaina, zerekin eta... alpargata batekin! Beste behin, Hondarribira joateko afanetan omen zebilen, aspaldi itsututako izeba zaharrak bera ikusteko gogoak zegoela abisu bidali ziola eta.

 

Entzutekoa izan behar zuen, baita ere, haren amak emango zion erantzuna, aita hil ondoren aitaren partiak erreklamatzera joan zitzaionean. Herentzia edo esan nahiko zuen berak, baina...

Dena dela, bihotz oneko gizona izan behar zuen zalantzarik gabe; behin Zurriolan itsaso gaiztora salto egin zuen, bere burua itotzera botatako emakume komediante bat ateratzeko.

Brokolo noiz jaio eta hil zen ez dugu inon jakiterik izan; haren erretratua ere, damurik, ez dugu inon aurkitu.