Azkoitian jaio zen Nemesio Agapito Etxaniz, XIX. mendea amaitzeko zorian zegoela, 1899ko abenduaren 19an. Gerra ondorengo lehen idazletarikoa izan zen. Erratzu, Artiz'tar Xabier eta batez ere Amillaitz goitizenak erabili izan zituen bere idazlanetan.
Apaiz ikasketak Lekarotzen eta Comillasen egin zituelarik, 1924an apaiztu zen. Gerra aurretik Bergaran izan zen apaiz, eta bertan gelditu zen gerra piztu zenean, 1936an. Handik Burgosera bidali zuten nazionalek herria hartu zutenean; berak zioenez, horrek salbatu zuen, Donostiara bidaliz geroz afusilatu egingo baitzuten. Gaixotu eta Gasteizera ekarri zuten, eta gerra amaitu ondoren Zumaiako Artadira joan zen apaiz; handik, berriz, bota egin zuten behin egindako sermoiagatik: batallón de trabajadoresetan presoak nola zerabiltzaten salatu zuen.
Asko idatzi zuen Don Nemesiok: Arraldea 1923an; Kartak nola idatzi euskeraz? liburutxo zoragarria 1950ean, gaur egungo estilo liburuen gisara; Kristau ikasbidea bertsotan 1950ean; Kanta-kantari hurrengo urtean («Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni...» hura tartean); Izeko aberatsa eta irulearen negarra 1952an; Antzerkiak kontu-kontari 1958an; eta Lur berri billa 1967an. Argitaratu gabeko eleberri bat ere utzi omen zuen, gordinegia zelakoan...
Beste genero bat ere landu zuen Don Nemesiok: gobernadore zibilari bidalitako gutunak. Frankismoaren urterik beltzenetan, Valencia Remon gobernadore zelarik, sekulako gutunak bidaltzen zizkion, atxilotutako gazteak torturatu egiten zituztela eta. Gero, gutun haiek EGIk banatutako Gudari aldizkaritxoan argitaratzen ziren.
Hil baino bi urte lehenago, Ni dudatan bizi izan naiz beti aitortzen zuen Don Nemesiok elkarrizketa batean. Euskaltzaindikoa zen, baina batua ez zuen begiko. Euskararen alde jardun zuen bizitza osoan, baina lehenago ez nuen uste euskerak luzean iraungo zuenik, eta orain berriz, askoz okerrago zioen elkarrizketa horretan.
Bere bizitzaren azken urteak Donostiako karmeldarren parrokian egin zituen. Bertan hil zen 1982an.
Iturria: Oh! Euzkadi, 1, 1980; argazkia: Sustatu